Landa eremua modernizatzeko programa zabala onartu du EBk

hainbat

Europar Batzordeak Landa Garapenerako Programa (LGP) zabala onartu berri du. 24 ekimen daude programaren barruan, EBko hamar estatutan zabalduko direnak: Bulgaria, Errumania, Suedia, Alemania, Italia, Kroazia, Erresuma Batua, Irlanda, Txekiar Errepublika eta Espainiako Estatua. Programak 27 mila milioi euroko aurrekontua du, 2020ra arte. Europako landa eremuak modernizatzea da helburua, bai eta nekazal sektorearen lehiakortasuna hobetzea, paisaia eta klima zaintzea eta landa inguruetako bizi kondizioak sendotzea ere, bizirik iraun dezaten. Programaren finantzazioaren zati handi bat Landa Garapeneko Europako Nekazaritza Funtsaren esku dago, eta estatu eta erregioetako gobernuek zein ekimen pribatuek ere jarriko dute beren alea.

Europar Batzordearen aurreikuspenen arabera, 40.000 lanpostu sortuko dira eta 700.000 gazteren formakuntza ahalbidetuko da, LGPak askotariko jarduera lerroetan izango duen garapenari esker. Nekazaritzaren modernizatzea eta ustiategien kudeaketan gazte jendea sartzea dira helburu nagusiak Errumania eta Kroaziaren kasuan, eta 8.128 eta 2.026 milioi euro jasoko dituzte, hurrenez hurren. Suedian, nekazaritza ekologikoaren aldeko apustuari 1.736 milioi euro emango zaizkio, eta Irlandan, 2.190 milioi euroko finantzazioa jasoko dute, milioi bat hektareako azalera duen lurzoruaren kudeaketa hobetzeko. Bestalde, Italiako Emilia-Romaña erregioak 513 milioi euro jasoko ditu, biztanleria gutxien duten eta isolatuen dauden zonaldeetan banda zabaleko komunikazioak garatzeko.

Garapen maila txikiagoa duten estatuek jasoko dituzte laguntza handienak; Errumania, Bulgaria (2.366,7), Txekiar Errepublika (2.305,7) eta Kroazia, kasu. Baina EBko zenbait estatu garrantzitsuk ere (Alemania, Italia, Erresuma Batua) finantzazio handia izango dute. Alemaniak zazpi partida jasoko ditu (bertako zazpi estatu federatutarako): 4.312,8 milioi euro, guztira. Italiak 1.656 milioi euro hartuko ditu, estatu mailako partida bat eta erregio mailako beste lau batuta. Erresuma Batuari, bestalde, bi partida dagozkio: bata Eskoziarako (844,7) eta bestea Galeserako (655,8).

Azkenik, Espainiako Estatuari 861,9 milioi euro dagozkio. Zati bat estatu mailako programa baterako izango da, eta Aragoi, Errioxa eta Euskal Autonomia Erkidegoari beste partida bana dagozkie. EAEko partida 87,1 milioi eurokoa da (programa osoaren %0,09), eta Eusko Jaurlaritzak kudeatuko du.

LGP 2020ren garapena sei lehentasunen araberakoa da:

  • Ezagutza eta berrikuntzaren transferentzia nekazal eta landa sektorera.

  • Nekazaritza eta abeltzaintza ustiategien lehiakortasuna eta bideragarritasuna hobetzea.

  • Elikadura transmisioaren katea antolatzea eta sektorearen arriskuak kudeatzea.

  • Nekazaritza eta basogintza sektoreari lotutako ekosistemak babestu eta berreskuratzea.

  • Baliabideen eraginkortasuna eta klima aldaketarekiko egokitzapena sustatzea.

  • Inklusioa bultzatzea, pobrezia murriztea eta landa eremuen garapen ekonomikoa eragitea.

Informazio gehiago:

Euroreporter

Landa Garapenerako Programa Euskadi 2015-2020 - PDF

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Contacto

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak