Langabezia Euskal Herrian: herri bat, bi errealitate

EH Mapa_langabezia
Gaindegia

Euskal Herriko langabezia-tasa %15aren bueltan da 2015 urtean. 2009tik hona dezente egin du gora, azpialdeko grafikoak erakusten duen bezala. Krisia hasi baino lehenagoko egoerak ez du zer ikusirik gaur egungoarekin: 2008an gure langabezia-tasa ez zen %7ra iristen. Gaur egun langabezia bikoitza dugu.

Lurraldeak

Langabeziak, baina, ez du inpaktu berbera Euskal Herriko lurralde guztietan. Langabezia hazi egin da orokorrean herrialde denetan, baina agerikoa da, esaterako, Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko desberdintasuna. Iparraldeko lurraldeen langabezia-tasa dezente baxuagoa izateaz gain, bere bilakaera ere Hegoaldeko lurraldeena baino orekatuagoa izan da eta azken datuaren arabera, egun %11,7an kokatzen da.

Hego Euskal Herriko lurraldeen artean Araba da %20ko zifrara gehien hurbildu den herrialdea eta zifra altuenetan mugitu izan dena, baina 2015eko azken hiruhilekoan langabezia-tasak nabarmen egin du behera (3,5 puntu) eta gaur egun Bizkaia da langabezia-tasarik handiena (%17,0) duen herrialdea.

Nafarroan ere antzekoa gertatu da: 2012an goia jo zuenetik beheranzko joera du langabeziak herrialdean eta azken hiru hilekoan beherakada nabaria izan du (3,1 puntu). Gaur egun, Hego Euskal Herriko tasa baxuena du Nafarroa Garaiak.

Eskualdeak

Auzia eskualdeka aztertuz gero, langabeziaren inpaktua handiagoa da zenbait eskualdeetan besteetan baino, mapak argi islatzen duen bezala.

Enkartazioek eta Tuteraldeak dute langabezia tasa handiena (%14,4 bakoitzak), eta segidan datoz Bilbo Handia (%13,5), Kantauri Arabarra (%13,4), Arabako Lautada (%13,3), Sakana (%12), Errioxa Arabarra (%12,2) eta Bidasoa Beherea (%12).

Langabezia-tasaren portzentaje baxuenak, aldiz, Ipar Euskal Herriko herri elkargoetan ditugu, zehazki, Erronkari-Zaraitzun (%3) eta Iholdi-Oztibarreko herri elkargoan (%3,9). Hegoaldeko Gorbeia inguruak eta Trebiñoko Konterria eskualdeek bakarrik dituzte Iparraldeko eskualdeen zifrak, nahiz eta aipatutako herri elkargoen tasaren bikoitza den (%6).

 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak