18 urtetik beherakoen ia %20a pobrezia edo bazterketa arriskuan bizi da Euskal Herrian

Gizartea
Gaindegia

Europako Batasunarentzat pobrezia ez da gaitasun ekonomikoaren arabera bakarrik neurtzen, aintzat hartzen dira gabezia material larriak eta gurasoen lan intentsitate baxua. AROPE (At Risk Of Poverty or social Exclusión) Europa 2020 estrategiko adierazleak eskaini dituen datuak baliatuta, Gaindegiak Euskal Herri osorako pobreziaren balioak kalkulatu ditu.

Datu horien arabera, Euskal Herrian biztanleriaren %16,7 pobrezia edo gizarte-bazterketa arriskuan bizi da. 18 urtetik beherakoen datua are larriagoa da: ia %20a bizi da pobrezia edo gizarte-bazterketa arriskuan. Pobrezia eta bazterketa arriskuan dagoen biztanleria Euskal Herrian

Lurraldeka begiratuta, Ipar Euskal Herria da pobrezia edo gizarte bazterketarako arriskuan dagoen biztanleria proportzio altuena duena (%18,1). EAE (%15,3) eta Nafarroa Garaia (%14,5) nahiko parean daude.

Adin txikikoen pobreziak, baina, datu altuagoak islatzen ditu lurralde guztietan: are gehiago, kasu honetan Ipar Euskal Herria eta Nafarroa Garaia %21eko portzentajea gainditzen dute, baita Euskal Herriko batez bestekoa ere. EAE da adin txikikoen arteko pobrezia tasa baxuena duen lurraldea, baina ezin esan daiteke baxua denik ere, 18 urtetik beherakoen %18,7a pobrezia edo gizarte bazterketa arriskuan bizi baita.

 

 

Gabezia larrian ere, euskaldun asko

Euskal Herrian biztanleria osoaren %4k gabezia material larria du, alegia, bizitzeko beharrezkoak jotzen diren oinarrizko baliabideen gabezia. 18 urtetik beherakoen kasuan, zifra altuxeagoa da: %5,3.

Europa 2020 estrategiko adierazle honen arabera, gabezia material larrian bizi dira ondorengo zerrendako 9 baliabideetatik 4ri ezin aurre egin bizi diren familiak:

Gabezia larrian dagoen biztanleria Euskal Herrian

 

  1. Alokairua, hipoteka edo ohiko fakturak ordaindu.
  2. Neguan etxea temperatura egokian mantendu.
  3. Ustekabeko gastuei aurre egin.
  4. Hiru astean behin haragia, oilaskoa edo arraina jatea (edo balioke begetarianoak)
  5. Urtean astebete gutxienez oporretara joatea.
  6. Autoa izatea.
  7. Garbigailua izatea.
  8. Koloreko telebista izatea.
  9. Telefono bat izatea (finkoa ala sakelekoa)

Lurraldeko desberdintasunei erreparatuta, Ipar Euskal Herria da, behin ere, gabezia material larrian dauden pertsonen portzentaje altuena erakusten duen lurraldea (%5,1), nahiz eta oso hurbiletik jarraitzen dion kasu honetan EAEk (%4,8). Nafarroa Garaiak, ordea, portzentaje dezente baxuagoa du (%1,2).

Europa

Euskal Herriko pobreziaren argazkia ez da, inondik inora, ona. Esan beharra dago, ordea, eman ditugun datuok Europar Batasuneko batez bestekotik behera daudela: Europar Batasunean biztanleriaren %24,5 pobrezia edo gizarte-bazterketa arriskuan da (alegia, biztanleen ia laurdena) eta adin txikiko biztanleriaren %27,7.

Gabezia material larriari dagokionean, Europar Batasunean biztanleriaren %11,1 eta adin txikikoen  %9,6 ez du nahikoa baliabide egunekoari aurre egiteko (ikus hurrengo orria).

Ondorioak

Pobrezia eta bazterketa errealitate honek pertsonen oinarrizko eskubideekin lotura zuzena du, kontuan izanik, gainera, gurea herri "aberatsa" dela. Etorkizunean, beraz, oinarrizko beharrak bermatzen dituzten politikak beharko dira ezinbestean.

Halaber, bazterkeria egoera honek gizarte kohesioarekin zuzeneko lotura du, besteak beste, umeen kasuan, eskolatze eraginkor baten bitartez aukera berdintasuna arriskuan jartzen duelako, gero eta gehiago, datuek ageri dutenez.

Ezin dugu ahantzi, halaber, gizarte babeseko politika oso desberdinak direla Hego eta Ipar Euskal Herrian, azken honetan, gabezia materialeko egoerak gainditzeko politikak askoz indartsuagoak izanik. Ez alferrik, Frantzia da, Finlandiarekin batera gabezia materialeko egoerak gutxitu dituen estatu bakarretakoa 2008tik 2013ra.

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak