Etxebizitza hutsen unibertsoaren azterketa

Etxehuts

Oiartzungo Udalaren eskariz bertako etxebizitza hutsen azterketa egin berri du Gaindegiak. Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) errekargua zuten etxebizitzak kontuan hartuz egin du aipatu azterlana Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, udalak eta herritarrek egoera errealaren argazki argi bat izan dezaten.

Eustat-en 2011ko datuen arabera, Oiartzunen 487 etxe daude hutsik. Proportzioan Oiartzungo etxebizitza hutsen kopurua Oarsoaldeko etxebizitza hutsen kopurua baino pare bat puntu handiagoa da (%11,95). Oiartzunek etxebizitza diseminatu asko ditu, baserriak tateko, eta etxe horiek kalean baleude, ziur aski, “asko eta asko erabiliko liratekeela” da Gaindegiak azterketatik ateratzen duen ondorioetako bat. Eskualdeko datuei erreparatuz gero, Oarsoaldea eskualdean etxebizitza hutsen kopurua 2.922koa da, hau da, etxebizitza parkearen %9,22.

Azterketa egiteko Oiartzungo herria hemezortzi esparrutan banatu du Gaindegiak, eta esparru horietako hirutan etxebizitza huts gehien biltzen direla ondorioztatu dute. Etxebizitza huts gehien, guztien %26,3 zehazki, baserriak edota etxegune bakanak dira, guztira, 94 finka. Erdigunetik urrun kokatzen dira gehienak. Etxebizitza huts gehien duen bigarren auzunea Elizalde da, guztien %18,2 —guztira 65 etxebizitza—. Kasu honetan, erdigunean kokatzen dira bizitokiak. Azkenik, Altzibar da etxebizitza huts gehien duen hirugarren auzunea, %13,4. Orotara, 48 etxe. Etxe hutsen batez besteko azalera 93,4 metro koadrokoa da. Antzinatasunaren batez bestekoa, aldiz, 57 urtekoa.

Etxebizitza politika egiteko tresna

Oro har, udalek tresna gutxi dituzte etxebizitza politika integralak garatu ahal izateko, eskumena Eusko Jaurlaritzarena baita. Halere, udalek hirigintza antolatzeko eskumena dutenez herrian egin beharko liratekeen etxebizitza berrien zenbatekoa eta nolakotasuna erabaki dezakete. Horri gehitu behar zaio, udal asko etxebizitza politikaren bidez finantzatu direla krisiak eztanda egin duen arte, eta sarri hazkunde demografikoari erantzunez baino irizpide ekonomiko soilei erreparatuta egin izan dela. Politika horien ondorioz, lur asko okupatu egin da herrien alde zaharretan behar adinako inbertsioak alboratuz.

Egoera ekonomiko berriaren ondorioz etxebizitza politika zuhurragoak egiten hasi dira udalak azken urteotan. Alta, eraikita dagoen etxebizitza parkearen kudeaketa efizientea garatzeko oraindik zer egin asko dago. Zentzu horretan, komenigarria litzateke etxebizitzak berritzeko politika indartsuagoak bultzatzea.

Kontrara, neurriak hartzen ez badira, litekeena da Euskal Herrian hurrengo urteetan etxebizitza hutsen kopurua handitzen joatea. Ikerlanaren arabera, 2030erako Euskal Herriak  100.000 biztanle gutxiago izatea aurreikusten da. Gutxitze horrek erabateko eragina izango du alde zaharretan, baserrietan eta industriaren abaroan eraikitako auzune zenbaitetan.

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak