Etxebizitzaren erabilera aldatzen ari da Euskal Herrian

Etxebizitzako biztanle dentsitatea

Herritarren zein jendartearen beraren behar sozialak aldatzen diren gisa berean ari da aldatzen Euskal Herriko etxebizitzen erabilera. Gune urbanoetan gero eta bizilagun gehiago doa pilatzen eta familia unitateak gero eta kide gutxiagok osatzen dituzte, esaterako. Bitartean, bakarrik bizitzeko hautua egiten dutenen kopurua etenik gabe hazten ari da hazten, aukera eta premia berriak sortuz.

Koiuntura ekonomikoak ere izan du eraginik etxebizitzen erabileraren bilakaeran. Hala, 2000. urteaz geroztik etxebizitzaren prezioek inoizko gorakadarik handia bizi izan badute ere, finantza krisiaren eraginez 2008an goia jo eta kontrako joera gailentzen hasi da ordutik, etxeen salerosketa nabarmen apalduta.

1991-2011 urte artean, etxebizitza bakoitzeko kide kopurua ia 3 biztanle izatetik bi izatera iritsi da.Gainera, tarte horretan 400.000 etxebizitza eraiki dira, batez ere, Lapurdin, Nafarroa Garaian eta Araban. 2013 eta 2015 urteen artean etxebizitzen prezioek behera egin dute hego Euskal Herriko herrialde guztietan, Gipuzkoan salbu.

 

Etxebizitzen erabilera dentsitatearen arabera

 

Etxebizitzako biztanleria erabilera

Etxebizitza bakoitzeko kide kopuruaren dentsitatea kalkulatzen hasita, hainbat udalerritakoak gainezka daudela esan daiteke. Horien artean Iruñerrikoak daude buruan Donostia inguruko zenbaitekin batera: Oiartzun eta Hernani besteak beste.

Kontrara, eremu erresidentzialetan -ipar Euskal Herriko kostaldean batez ere- daude etxebizitzako dentsitaterik baxuenak. Ranking horretako lehen bost udalerrien artean, lau Lapurdiko kostaldekoak dira. Hurrena, Gorliz.

Hartara, une honetan etxebizitza berriak izaera erresidentzialeko eremuetan eraikitzen ari diren arren, dentsitate handieneko eremuetan egongo da beharrik handiena. Areago, etxebizitza tipologia eta jabego mota berriak beharko dira, alokairua batez ere.

Zentzu horretan, aski adierazgarria da hego Euskal Herriaren eta ipar Euskal Herriaren artean dagoen aldea. Batean alokairu tasa %10,1ekoa den bitartean, bestean %34,8ra iristen da. Baionaren kasuan, %52raino.

 

 

 

 

Eraikuntza eredua beharren kontrako norabidean

Arestian aipatu gisara behar berriek etxebizitza tipologia eta jabego mota berriak eskatu arren, eraikuntza eredua beste nonbaitetik doa datuen arabera: eraiki ziren sei etxetik bat unifamiliarra izan zen 2014an (2007koaren herena). Ipar EHn eraiki ziren halako hamarretik sei.

Oro har, baina, asko jaitsi da banatutako eraikitze lizentzien kopurua: 2007an banatutako 24.000 lizentzien parean 6.000 dira 2014koak.

Gure behar sozialak aldatzen ari dira. Etxebizitzaren jabego formula berriak eta etxe tipo berriak ikusiko ditugu. Zaharberritzeak ere berebiziko garrantzia hartuko du, batez ere, herrietako alde zaharretan eta adineko jendea duten auzo industrialetan edo baserrialde diseminatuetan. Gaur egun eraikitzeko dagoen presiorik handiena gune erresidentzial-turistikoetan ari da metatzen, baina gizartearen beharrik handienak beste nonbait daude. Kontuan har dezagun zahartzeak berak, etorkizunean milaka etxebizitza behar eta aukera sortuko duela. Bizitzeko estilo berriek ere (bakarrik bizitzea edo komunitatean bizitzea) premia berriak ekarriko dituzte.

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak