Euskal Euro-hiria, lankidetza behar handiko lurralde eremua

Euskal Eurohiria, osaera eta eragin esparrua

Ipar Euskal Herria bere osotasunean hartzen duen instituzio baten sorrerak berarekin dakar Hego Euskal Herriarekin harreman funtzionalak estutzeko aldarria. Aste hauetan, gaia eztabaidan dago bertako Herriko Etxeetan. Euskal euro-hiria izan liteke lankidetza hori gauzatzeko lehen lurralde eremua. Muga handia da oraindik, harik eta Europa Batasunaren baitan gutxien garatutako muga eremuetako bat izateraino. Parisko gertaera larriek Bidasoako muga pasatzea aspaldian ezagutzen ez genuen moduan zaildu dute. Nahiz eta mugaz gaindiko bizitza espazio bat egon bi aldeetan, milaka herritarren eguneroko joan etorria zaildu da. Etorkizunean iragartzen diren segurtasun politikek muga eta distantzia sozio-ekonomikoa handituko ote dute?

Euskal Euro-hiria

Euskal Eurohiria, osaera eta eragin eremua

Atlantikoko arkua jarraituz, mugaz gaindiko 50 km-ko hiri eta kostaldeko korridorea da Euskal Eurohiria. 596,4km2 azalera duen eremua da eta 522.495 biztanle bizi dira. 24 udalerrik osatzen dute Donostia eta Baiona bitartean. Bere eremu funtzionalak beste hainbeste udalerritan eragiten du (Mendebaldean Andoain eta Getariaraino; ekialdean, Lapurdi barnealdeko hainbat herri, Arrangoitze, Larresoro, Hiriburu...

Eragin eremua kontuan hartuta, guztira, 925,76km2 -ko azalera hartzen du Eurohiriak eta bertan, azken honetan, 122.528 biztanle biziko lirateke. 

Euskal Eurohiria 522.495 biztanlek osatzen dute, Gipuzkoan baino %27 gutxiago (715.148 bizt.)

Biztanleriaren ia erdia (%44,1) Donostian eta Baionan pilatzen da, Eurohiriaren bi muturretan

Udalerri populatuenak: Donostia, Irun, Baiona eta Errenteria dira. Despopulatuenak Lapurdi barneko udalerriak

 

Biztanleria eta bere ezaugarriak: mugak badu eraginik?

1981-2011 artean hazkunde positiboa izan du Eurohiriko biztanleriak (%11,5), Gipuzkoak (%2) baino handiagoa. Bilakaera aztertuta, azken 40 urteetan etengabe hazi da biztanleria, Gipuzkoan ez bezala. Biztanleria galdu duten udalerriak (gorriz), Pasaia, Errenteria eta Miarritze izan dira. –Gehien hazi direnak (urdin ilunez) Ahetze, Bidarte eta Senpere.

Eurohiria populazio dentsitate altua eta biztanlerian goranzko joera duen lurraldea da baina nabarmena da erakusten duen zahartze indize altua. Lapurdiko udalerriek (batez ere kostaldekoek) eragin zuzena dute aspektu honetan. Eurohiriko zahartze indizea (158,5) Gipuzkoakoa baino gorago dago (140,6). Zahartze indize altuenak Lapurdiko kostaldeko udalerrietan daude (Miarritze, Donibane-Lohizune, Ziburu eta Getarian).

Biztanleriaren zahartzeak eragina du biztanleriaren biziberritzean. Eurohiriko ordezkatze indizea (%74,1)  Gipuzkoako datuaren  (%72,5) gainetik badago ere, balore baxua izaten jarraitzen du. Ordezkatze indize altuenak Lapurdi barnealdeko udalerrietan daude (Senpere, Bokale eta Saran) eta baxuenak Urruña, Azkaine eta Miarritzen.

Gazteen ordezkatze indizea Gipuzkoan altuagoa da (1,1) Eurohirian (1,0) baino. Belaunaldi gazteak, beraz, parekatuago daude eta ez dago zahar eta gazteen artean dagoen bezalako alderik. Gazteen ordezkatze indizeak 15-29 urteko biztanle bakoitzeko dagoen 0-14 urteko biztanle kopurua adierazten du. Gazteen ordezkatze indize altuenak Biriatun, Arbonan eta Ainhoan daude. Baxuenak Baiona, Miarritze eta Angelun.

Biztanleria Euskal eurohiria, etxebizitza bilakaera Euskal eurohiria, jarduera ekonomikoa

 

Etxebizitza: biztanleria handia, atsedenerako lurraldea

290.602 etxebizitza daude Euskal Eurohirian, Gipuzkoan 336.558. Eurohiriaren bi muturretan kontzentratzen da etxebizitza gehien, %57a, Donostian eta Baiona-Angelu-Miarritzen. Nabarmentzekoa da, gainera, Lapurdiko udalerrieta etxebizitza dentsitate altuagoa dagoela, balio altuenak, Donibane Lohizune, Getaria eta Miarritzen pilatzen dira, baxuenak aldiz, Oiartzun, Biriatu eta Lezon.

Etxebizitza parkeak hazkunde handia izan du 1991-2011 artean (%36,4). Gipuzkoan ere antzekoa izan da (%34) baina 2006 eta 2011 artean apaltzeko joera hartu du. Udalerri mailan hazkunde handiena Lapurdiko udalerriek izan dute (Senpere, Urruña eta Bidartek bikoitu egin dute etxebizitza kopurua). Hazkunde txikiena Pasaiak, Donibane Lohizunek eta Miarritzek izan dute.

Bigarren etxebizitzak, etxebizitza hutsak eta etxebizita kolektiboak etxebizitzaren bostena (%20,9) hartzen dute, Gipuzkoako datuarekin alderatuz balio altuagoa (%15,9). 1991-2011 artean %16,9 hazi egin da etxebizitza mota hauen presentzia Eurohirian eta Gipuzkoan beherakada bat izan du (-%9,5). Lapurdiko udalerrietan hazkunde handiak izan dira, gehien Urruña, Arbona eta Bidarten. Etxebizitza nagusiak ez direnen presentzia handiena Getaria, Donibane Lohizune eta Ziburun dago; presentzia baxuena, aldiz, Bokale, Errenteria eta Lezon.

Jarduera ekonomikoa

Establezimendua titular edo enpresa baten ardurapean ondasun edo zerbitzuak produzitzen dituen unitatea da (Eustat). 29.480 establezimendu daude Eurohirian (2013). Dentsitateari dagokionez, 1.000 biztanleko 56,4 establezimendu daude, Gipuzkoan baino gehiago (38,4). Establezimendu dentsitate altuenak Lapurdi kostaldeko udalerri batzuetan daude (Donibane Lohizune, Miarritze eta Bidarten).

Establezimenduak 4 sektoretan banatuta, Gipuzkoarekin alderatuz Eurohiria espezializatuago dago zerbitzuetan (%84,3). Gipuzkoan industriak eta eraikuntzak presentzia handiagoa dute (%13 eta %12 hurrenez hurren). Zerbitzuen sektorea hobeto ulertzeko azpisektoreen banaketa aztertu behar da: Eurohirian Merkataritza, garraioa eta ostalaritza azpisektorea pisu handiena badu ere (%39,6), Gipuzkoan baino txikiagoa da presentzia. Eurohirian Gipuzkoan baino portzentaje altuagoa dute Jarduerak higiezinekin (%9,4), Finantza jarduerek eta aseguruetakoek (%6,1) eta Artea eta beste zerbitzuek (%13,4).

Industriari dagokionean, maila teknologiko handia eta ertain-handia duten 255 establezimendu daude Eurohirian, industria sektoreko establezimenduekiko %15,2. Gipuzkoan %17,7 dira mota era honetako establezimenduak. Eurohiri barneko banaketan mota honetako establezimenduen ia %65 Gipuzkoako udalerrietan kontzentratzen da. Ezagutza intentsiboko jardueratan aritzen diren 8.929 establezimendu daude Eurohirian (establezimendu guztien %30,3). Gipuzkoan %27,7koa da ehuneko hau.

Ondorioak

  • Lur eremu honen korridore izaera eta duen azalera aintzat hartuta, biztanleria, etxebizitza eta establezimendu kontzentrazio handiko eskualdea da, jarraikortasun espazial handiko eremua osatuz. Hala ere, nabarmendu behar da lurraldearen bi muturretan daudela hirigune garrantzitsuenak, Donostia eta Baiona-Angelu-Miarritze.
  • Honek bi polotako lurralde bat marrazten du, interesgarria gertatzen dena lurraldearen indarguneak eta garapena orekatzen joateko. Ikuspegi honetatik, bai jarduera ekonomikoak, bai erresidentzialak zein aisialdikoak edo komertzialak lurraldean sakabanatuta daude eta etorkizunari begira, ezinbestekoa egiten dute mugikortasun egitasmo indartsu bat abian jartzea, bai osagarritasuna lortzeko bai bikoiztasunak gutxitzeko.
  • Kontuan izan behar dugu, eremu polinuklear honen historian prozesu demografiko, urbanistiko zein ekonomiko desberdinak uztartzen direla, aniztasun interesgarri bat sortuz, baina aintzat hartzeko moduko desberdintasunak dituena bere baitan. Biztanleriaren adin piramide desberdinak, jatorri aniztasunak edo jarduera ekonomikoen espezializazioak sakon eragiten ditu, oraingoz euro-hiriaren geografia.
  • Biztanleria ezaugarritzerako garaian, zahartze prozesu altua du eta ordezkatze indize baxuak aurrera begirako gizarte zaharkituagoa erakusten dute.
  • Bigarren etxebizitzek eta etxebizitza hutsek izandako bilakaerak erakusten du eremu honen izaera erresidentziala eta jasotzen duen biztanleria estazionalaren presentzia handia. Honek lotura zuzena du higiezinen azpisektoreko establezimenduek ehundura ekonomikoan duten garrantziarekin.
  • Halaber, jarduera ekonomikoen eremuan, ageriko desberdintasuna dago Gipuzkoako lurralde eremua eta Lapurdikoaren artean, geroari begira, osagarritasuna landuz gero, gizarte mailako kohesioa eragiteko  lagungarri gerta daitekeena.
  • Jarduera berritzaileak zein maila teknologiko handikoen presentzia aipagarria da, edonola ere, zaharkitutako jarduerak gainditzeko premia dagoen aldetik ezinbestean landu beharko da, gaitasun teknologiko edo berritzailearen transferentzia ekimen ekonomiko berrietara, hartara, euro hiria jarduera aurrerakoien erreferentziazko eremu bihurtzeko Europako Batasunaren eremuan.
  • Edonola ere, ez dago itsutzerik, egun euro-hiria hartzen duen eremua baino zabalagoa da bere eragin eremua. Ikuspegi horretatik ezinbestekoa zaio lurralde eremu zabalago batean bere burua kokatu eta ikuspegi integratzaileagoa izatea, esaterako, Lapurdiko bitarteko zonaldearekin edo Urumea, Oria eta Urola ibaien arroarekin.

 

 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak