Euskal Herriko demografia: bihar (II)

Biztanleriaren bilakaera eta prospektiba, Euskal Herria 2000-2030

Egungo egitura demografikoaren proiekzioa eginez 2030ean Euskal Herriak 100.000 biztanle gutxiago izango dituela aurreikusten dugu, eta bilakaera ez dela homogeneoa izango lurralde guztietan. Lapurdik, Nafarroa Garaiak, Arabak eta Nafarroa Behereak biztanlerian gora egingo dute. Aldiz Bizkai, Gipuzkoa eta Zuberoak behera.

2012. urtean izan zuen Euskal Herriak inoiz izan duen biztanle kopururik handiena (3.112.032), geroztik kopuru hori apaltzen ari da urraska. Euskal gizartearen egitura demografikoari erreparatuz, 2030 urtean Euskal Herriak egun baino 100.000 biztanle gutxiago izateko bidea hartu du (-%2,9).

Bilakaera ez da, ordea, homogeneoa izango, herrialdeka begiratuz gero, biztanle kopurua handituko du Lapurdik, eta ondorioz, Ipar Euskal Herriak bere osotasunean. Gainontzeko herrialdeek biztanleria galera nozituko dute, batez ere Zuberoa, Bizkaia eta Gipuzkoak. Beste herrialdeen galerak ez dira hain nabarmenak izango.

Europan eta mundu mailan, berriz, joera beste bat izango da. Biztanleria hazkundea biziko dute lurralde gehienek. 2015 eta 2030 urte bitartean hazkunde negatiboa izango duen bakarretakoa Alemania da (-%4,4). Euskal Herrian Alemaniaren antzeko joera badaramagu ere, gurean zahartzea zertxobait bizkorragoa izango da.

Gauzak horrela, Euskal Herriko adin piramideak orainarte ezezaguna zaigun egitura bat hartuko du: esaterako, 0 eta 14 urte bitarteko biztanleriaren pisua %11,2koa izango da eta 65 urtetik gorakoena %28,2ekoa. Honela, belaunaldien arteko ordezkapen defizitarioa luzarorako aurreikusten da. Oro har, Europan nagusitzen ari diren joera demografiko nagusiak biziagoak izango dira Euskal Herrian.

Adin piramideak

Egungo biztanleriaren adin piramideak goiko mailak (adinekoenak) zabalagoak ditu behekoak baino  (gazteenak) hau da, haurrak gazteak baino gutxiago dira, eta haur zein gazte, adinekoak baino gutxiago. Baina 2030 urteari begira jarrita, joera indartu egingo da, piramidea erabat irauli arte. Euskal Herriko biztanleria zahartu egin da eta hurrengo urteetan geroz eta zahartuago izango da.

Biztanleriaren prospektiba Euskal Herria 2000-2030

Biztanleriaren bilakaera adin piramidean Euskal Herrian

Beraz, gure historiaren azken urteotan, XX. Mendearen amaieran gora-behera sozioekonomiko handiak izan ditugu. Oparotasun eta krisi urte gogorrak joan dira bata bestearen atzetik, beraz, jendea hartzeaz gain jaiotza tasak ere gora behera handiak izan ditu. Hurrengo urtetan, beraz, adin nagusira iritsiko den herritar multzo handia eta jaiotza tasa txikiko belaunaldiak elkarrekin biziko dira.

Hau guztia, halaber, termino geografikoetan aztertu behar da. Izan ere, lurralde batzuk aspaldi gaztetu ziren (Bizkaia eta Gipuzkoa) eta orain zahartzen ari dira. Beste batzuek aldiz kontrako norabidea daramate (Nafarroa Garaia eta Nafarroa Beherea). Horrekin guztiarekin, biztanleria hartzen ari diren lurraldeak ditugu, batez ere, Lapurdiko kostaldea eta hiriburuak eta hauen inguruak.. Euskal geografia demografikoa mugitzen ari zaigu.

 

 

 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak