Euskal Herriko demografia: lehen eta orain (I)

2015-12-31ko data erreferentziatzat hartuta, Euskal Herriak 3.097.936 biztanle zituen, 2014an baino 2.092 gehiago

Lurraldeka begiratuz, (datuak grafikoan) esan daiteke, kostaldeko herrialdeetan, hau da, Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko kostaldean  biltzen dela  hamar biztanletik zortzi.

Euskal lurraldeen arteko biztanleria banaketak azken urteetako joera mantentzen du. Datuetan oinarrituz, Bizkaian biltzen da biztanleriaren %37a, Gipuzkoan %23, Nafarroa Garaian %21, Araban %10, Lapurdin %8, Nafarroa Beherean %1 eta Zuberoan %0.

Euskal Herriko biztanleriaren banaketa 2015

Biztanleriaren bilakaera historikoa eta prospektiba, EH 1877-2030

Biztanleriaren bilakaera krisialdian Euskal Herrian, 2008-2015  

Biztanleriaren bilakaera historikoa

1877az geroztik Euskal Herriak biztanleria hirukoiztu egin du. Ikusten denez, hazkundea ez da berdina izan herrialde guztietan. Azken hamarkadei erreparatuz, 2000 urteaz geroztik Zuberoak %2 galdu du eta Bizkai zein Gipuzkoak hazkunde txikiak izan dituzte. Aldiz, Nafarroa Garaiak, Lapurdik, Arabak eta Nafarroa Behereak %10etik gorako hazkundeak izan dituzte.

Galera handieneko eskualdeen artean daude, Erronkari-Zaraitzu, Arabako Mendialdea, Salbaterraldeko Herri Elkargoa, Zangozerria, Ebro Garaiko Erribera, Baztanaldea, Tafallaldea, Xiberoa Herri Elkargoa, Oloroealdeko Herri Elkargoa, Irunberrialdea, Lea Artibai, Arga-Aragoiko Erribera, Estellerriko Ekialdea, Bidasoa Garaia eta Bilbo Handia.

Hazkunde positibo handieneko eskualdeak, aldiz, Bidaxuneko Herri Elkargoa, Hego Lapurdiko Hirigunea, Errobi Herri Elkargoa, Plentzia-Mungia, Auñamendi, Hazparneko Lurralde Herri Elkargoa, Ultzamaldea, Aturri Errobi Herri Elkargoa, Iruñerria, Agoitzaldea, Iholdi-Oztibarreko Herri Elkargoa, Gorbeia Inguruak, Urola-Kostaldea, Arabako Lautada eta Tolosaldea.

 

Krisialdia, 2008-2015


Biztanleriaren bilakaera historikoa eta prospektiba, IEH 1877-2030

Krisi urteetan (2008-2015) zer gertatu den ezagutzea ere garrantzitsua da, eskualde batzuk biztanle galera nabarmenak izan dituzte.  Galera handienak izan dituzten 20 eskualdeen artean 12 Nafarroa Garaikoak ziren. Hazkunde handieneko 20en artean 7 Ipar Euskal Herrikoak. Agerikoa da bi dinamika ekonomiko eta demografiko daudela Hegoalden eta Iparralden.

Ipar Euskal Herrian nabarmentzekoa da Lapurdik izan duen hazkundea beste bi lurraldeen joerak aintzat hartuz. Izan ere, iraganean, Zuberoak eta Nafarroa Behereak izan duten hazkunde bilakaera apaldu egin da eta Lapurdikoa, aldiz, bikoiztu egin da 1877tik hona, ia 300.000 lagun izateraino.

 


 

 

 

 

 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak