UDALBIZI egitasmoa: euskal udalerrien bitalitatea neurtzeko sistema

Euskal Herriko adin egitura
Euskal Herriko adin egitura

Gaindegiak UDALBIZI egitasmoa jarri du abian eta dagoeneko egitasmoaren lehen osagaia frogatzen ari da: udalerrien bitalitate sozio-ekonomikoa neurtzeko sistema orokor bat. Hurrengo urratsetan udalerri tipologia desberdinetarako baliagarri izango diren neurgailu egokituak garatuko ditu, eta segidan, arlo zehatzetako diagnostikoan sakontzeko neurgailu bereziak garatzeari ekingo dio.

Aipatu egitasmoak tokiko erradiografia sozio-ekonomikoa arin eta bizkor egiteko aukera emateaz gain, euskal espazioan konparagarri gisara balio behar luke. Zentzu horretan, udalerri bakoitzari bere burua hobeto ezagutzen laguntzeaz gain, Euskal Herriko lurralde garapenean eragin ahal izateko ikuspegia eskaini beharko luke. Hala, UDALBIZIren neurgailu orokorrak 99 adierazle ditu oinarrian eta 27 multzotan sailkatzen du informazioa, emaitza guztiak azkenean 7 atal nagusitan sintetizatzeko: biztanleria, gizarte kohesioa, lan merkatua, jarduera ekonomikoa, hiri antolamendua, azpiegiturak eta mugikortasuna, eta udal ekonomia.

 

Eredu orokor baten bila

Euskal Herria lurralde maila desberdinetan artikulatzen da, bai administratiboki, bai funtzionalki. Lurralde maila bakoitzaren dinamika sozio-ekonomiko eta instituzionalak goragoko zein beheragoko prozesuetan eragiten du, bai herritarren ongizatean, bai lurralde eremu horren etorkizuneko bilakaeran.

Euskal Herria hedadurari dagokionez lurralde eremu txikia izan arren, garapen jasangarrirako unitate bat izateko dimentsioak ditu. Halaber, askotariko lurraldea du, bai ikuspegi fisikotik bai ikuspegi sozio-ekonomikotik. Udalerrien arteko harreman sistema, beraz, garrantzitsua da lurralde oreka gordetzeko.

Lurralde eremu bakoitzak, ordea, baditu emanak datozen ezaugarriak eta norberak garatu beharrekoak. Eskualde eta udalerrietan kokapen fisikoak edo historiak dakarrenaz gain, bere egunerokoan gertatzen diren prozesuek, bere gaitasun sozialek edo goragoko instituzioek hartzen dituzten erabakiek eragiten dute. Euskal kasuan hiriburuez gain eskualde buruak ere baditugu eta hauen inguruan udalerri txikiago eta handiagoak. Baditugu metropolizazioan murgildutako udalerriak zein periferian daudenak, erresidentzialak zein aktibitate sozio-ekonomiko handikoak  eta abar. Askotariko tipología.

Udalerrietan eragiten ari diren prozesuak asko eta askotarikoak dira. Eta prozesu guztiek, aldez edo moldez, udalerriaren bizitasunean eragiten dute, izan indartzeko izan ahultzeko. 80 hamarkadan aipagai izan genituen industriaren gainbeherak zigortutako herrien kasuistika, ondoren urbanizazio prozesu azkarrek nahiz zahartze prozesuek jotako udalerriak aipatu izan ditugu. Lapurdiko kostaldea eta Pirinioetako herriak izan litezke esandakoaren adibide.

Baina udalerri guztiek ez dute berdin jokatzen eta ez dira berdin bilakatzen. Euskal kasuari gagozkiolarik, udalerrien bitalitatea neurtzeko baliagarri gerta litekeen eredu orokor bat behar genuke, udalerriak modu berean neurtu eta konparagarri egingo dituena. Era berean, neurgailu horrek etorkizunari begira egiturakoak diren auzien ebaluazioan lagundu behar luke, prediktiboa izatera hel dadin.

Euskal udalerrien sailkapenak

2025, zahartze tasa: 2025ean zahartze tasarik handieneneko udalerriak bi eratakoak izango dira, mendialde edo periferikoak eta errenta maila handienekoak. Lehenek galera demografiko larria biziko dute eta bigarrenek ez.

Etxebizitzaren erabilera intentsitatea: Etxebizitza ugari eraiki da aurreko hamarkadetan. Honek hainbat udalerriri biztanleria gordetzeko aukera eman dio, beste batzuk, berriz, ohikoa baino gehiago hazi dira eta ez dira gutxi biztanleria galdu dutenak. Udalerri industrialek dute erabileran dentsitaterik handiena eta erresidentzialek apalena. Pentsatzekoa da, etorkizunean lehen multzo horretan egongo dela beharrik handiena.

Goi-titulazioa duten herritarren proportzioa: Formazioak berebiziko lotura du errenta mailarekin, baina baita udalerriko dinamismo sozio-ekonomikoarekin. Metropolizazio prozesuen eraginez, hiriburu handien inguruko udalerri erresidentzialetan metatzen dira goi-titulatuen proportzio handienak.

Industriaren maila  teknologikoa: Industria, aberastasun eragile izateaz gain, jarduera ekonomiko askoren sustatzaile gertatzen da. Maila teknologiko handienetan dago biharko industriaren giharra eta hau, lurraldean hiriburuen inguruko eskualdeetan eta garraiobide nagusien inguruan kokatzen da.

Udal administrazioaren zorpetzea: Zenbat eta udalerri txikiagoa zorpetze handiagoa, udal politika proaktiboan diharduten udalerri txikienak daude politika publikoen arretatik urrunen eta ondorioz egin behar izaten dute inbertsio gehien.

 

[UDALBIZI] Etxebizitzen erabilera intentsitatea
[UDALBIZI] Goi formazioa duen biztanleriaren portzentajea, 2011
[UDALBIZI] Idustriaren maila teknologikoa Euskal Herrian, 2012
[UDALBIZI] Udalen zorpetzea, 2014
 

Hernaniren kasua

Hernani Paris-Algeciras ardatzaren baitan eta Atlantikoaren ardatzeko aktibitate gune nagusian kokatzen da. Pasaiako portuak eragiten duen mugimendutik hurbil egoteaz gain Frantziako Errepublikaren muga administratibotik hurbil dago. Horrek  guztiak, nahi eta ez, gaur egun eta azken lau mendetan aktibitate handiko eremu batean kokatu du. Halaber kontuan har dezagun, bere mendialde malkartsuak eta Urumea ibaiaren ibilguak erabateko eragina izan dutela bere bilakaeran, besteak beste, industriaren garapenean.

Honela, arestian aipatu ezaugarriek jarduera industrialei lotu dute udalerri hau, elikagaien ekoizpenaz gain garai bateko untzigintza eta burdingintza eta geroa metalgintzari zein kimikari lotutako jarduerak izan ditu bere baitan.

[UDALBIZI] Adin egitura

 

Adin egitura: Jaiotzei dagokionez Hernanik izango du jaiotza tasarik baxuenetakoa eta zahartzeari dagokionez, bere kidekoen pare ibiliko da, baina ez muturreko taldean.

[UDALBIZI] Etxebizitza

 

Etxebizitza: erabilera dentsitate handikoa, bere moduko udalerrien gisan, eta Etxebiden izena emandakoen proportzio handia, hau ere, ohikoa, antzeko udalerrietan.

[UDALBIZI] Jarduera ekonomikoa, 2012

Jarduera ekonomikoa: Oso udalerri industriala. Berari lotzen zaio udalerriko errenta. Maila teknologiko altuko industriaren presentzia nabarmena, ezagutzaren ustiaketa intentsiboko jardueretan apal eta ehun berritzailearen presentzian ere apal.

[UDALBIZI] Lan egitura

Lan egitura: Hernanik ikasketarik gabeko biztanleria bere kidekoen artean baino nabarmen altuagoa du eta goi-tituludun gehien duenetakoa da. Lan eskuaren ordezkatzean, aldiz, bere kidekoek baino gaitasun apalagoa du.

[UDALBIZI] Biztanleriaren hazkundea

Biztanleriaren hazkundea: Hernani izan da bere kidekoen artean hazkunde apalenetakoa izan duena.

[UDALBIZI] Errenta

Errenta: Hernani da bere kidekoen artean errenta jaitsiera handienetakoa izan duena.

[UDALBIZI] Langabezia

Langabezia erregistratua, 2008-2014 aldian hazkundea izan du, baina kideko udalerrietan baino nabarmen apalago.

[UDALBIZI] Barne produktu gordina

Hernaniko barne produktu gordinak (BPG) behera egin du 2008az geroztik, bere kideko gehienetan baino gehiago.

Ezaugarri positiboak nagusi dira bere jarduera ekonomikoan, azpiegitura eta mugikortasunean zein udal ekonomian. Lan merkatuan, badu zertan hobetua, nahiz eta pareko udalerrien artean badagoen bera baino okerragorik. Baina adierazle negatiboak gailentzen zaizkio biztanlerian, gizarte kohesioan ta hiri antolamenduan.

Ondorengo sintesi- taulak argibide osoagoak ematen ditu:

[UDALBIZI] Hernani, sintesi taula, udalbizi

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak