Gobernuak portuen kudeaketa bateratuko du, erakunde autonomo bat sortuta

hainbat

 Eusko Jaurlaritzak hilabete batzuk daramatza Portuei eta Itsas Garraioari buruzko Lege berria prestatzen. Horri buruz egindako zirriborroak berrikuntza handi bat planteatzen du: zuzenbide pribatuko erakunde publiko bat sortzea (Kaiak). Erakundeak eskumena izango luke Bizkai eta Gipuzkoako portu instalazio guztiak kudeatzeko, Bilbo eta Pasaiakoa izan ezik (horiek Espainiako Estatuarenak baitira). Horrenbestez, arrantza, merkataritza zein kirol portuak hartuko lituzke, eta ondorioz, Euskadiko Kirol Portuak erakundea desagertuko litzateke. Era berean, EAEko administrazio orokorrak alor honen kudeaketan eskumenak izateari utziko lioke.

Legea aurreproiektu fasean dago oraindik. Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari hura aztertzeko eskatu zitzaion, eta egindako txostenean, zalantzan jarri du zuzenbide pribatuko erakunde publiko bat sortzeko beharra, horretarako nahikoa argudiorik ez dela eman iritzita. EGABek Jaurlaritzari eskatu dio erakunde berri hori sortzeko beharra arrazoitzeko. Gainerakoan, txostenak oro har ontzat ematen du Jaurlaritzak bidalitako testua, baina azpimarratu du batzorde misto bat sortu beharra dagoela dagokion gobernuko departamenduaren eta portua duten udalerrien artean; hartara, bateragarri egiteko portuko jardueraren interes ekonomikoak eta udalerriotako herritarren bizigarritasuna. Era berean, txostenean, Jaurlaritzari estutzen zaio legean preseski zehaztu dezan zer forma izango duen parte-hartze instituzional eta sozialak erakunde kudeatzailean, horri buruzko araudia geroago garatu beharrean. Horretarako, Espainiako Estatuarenak diren portuetako kudeaketa organoetako parte-hartze sistema proposatzen dio eredu gisa.

Bere helburu nagusien artean, portuko jarduera eta herriko egunerokoaren arteko bizikidetza kudeatzeko asmoa du lege aurreproiektuak. Horretarako, eskumena izango luke portuen espazio eta erabilerak mugatzeko, bai eta udalerri bakoitzean portu antolamendurako plan bereziak burutzeko ere.

Aspalditik hutsune handia dago portuetako jardueren erregulazio eta antolamenduari dagokionez, eta arazo horri erantzun nahi dio gobernu proiektu honek. Zentzu horretan, ongi etorria izan beharko luke, baina kritikak ere izan ditu, ez baitituzte udalak kontuan hartu testua idazteko orduan, eta alegazioak egiteko aukera baino ez zaie eman, behin idatzia aurkeztu eta gero. Orain arte, portuei buruzko legedia sakabanatuta zegoen, eta itsas garraioari buruzko (bidaiariak zein merkantzia) eskumena garatu gabe, nahiz eta 2011n igaro zen Eusko Jaurlaritzaren eskuetara.

Aurreproiektuak Eusko Legebiltzarrean aurrera egiten badu, Kaiak erakunde berriak portu hauen kudeaketa hartuko luke bere gain: Plentzia, Armintza, Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Ea, Lekeitio eta Ondarroakoak Bizkaian; eta Mutriku, Deba, Zumaia, Getaria, Orio, Donostia eta Hondarribikoak Gipuzkoan. Era berean, bere esku leudeke Getxo, Getaria, Zumaia eta Hondarribiko kirol portuak ere.

Bestalde, Bilbo eta Pasaiako merkantzia portuak ez leudeke Kaiak erakundearen menpe; horiexek dira Euskal Herriko garrantzitsuenak, Baionakoarekin batera. Bilboko portuak 30,8 milioi tonako trafikoa erregistratu zuen 2014an, aurreko urtean baino %4,12 gehiago. Pasaiak, berriz, 3,5 milioi tona, 2013an baino %18,5 gehiago. Euskal Herrian, Baionako portua izan zen hirugarrena, 2,6 milioi tona erregistratuta (2013an baino %0,69 gutxiago). Bermeokoa da laugarrena, 313.799 tonarekin (2013an baino %4,6 gehiago), eta horixe da, lau portuon artean, Eusko Jaurlaritzak zuzenean kudeatzen duen bakarra.

Informazio gehiago:

Irizpena 8/15 Euskal Autonomia Erkidegoko Portu eta Itsas Garraioaren Legearen Aurreproiektuari buruzkoa

Tags: 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak