Mugaz gaindiko berrikuntza osasunean, biztanleriaren zahartzeari aurre egiteko

Hainbat

Akitania-Euskadi Euroeskualdeko mugaz gaindiko lankidetzak aurrerapausoak egin ditu azken urteotan; ekonomia, turismo eta unibertsitate auzietan. Orain, osasunaren alorrean ere bai, bi administrazioek abenduan sinatu zuten agiri bati esker. Mugaren alde batera zein bestera, biztanleriaren zahartzea gero eta handiagoa dela diote datuek argi eta garbi. Akitanian, 60 urtetik gorako pertsonen kopurua %70 haziko da hemendik 2040ra, eta gaur egun milioi erdi bat lagunek dituzte gaixotasun kronikoak. EAEren kasuan, biztanleriaren %38ak gaixotasun kroniko bat du gutxienez, eta 64 urtetik gorako pertsonak biztanleriaren %26,5a izango dira 2020rako.

Errealitate horren aurrean, bi administrazioek lankidetzan aritzea erabaki dute osasunari buruzko hiru alorretan: gaixotasun kronikoak, eta bereziki diabetesari eta tumoreei loturikoak; zahartze osasuntsua; eta pertsona nagusien autonomiaren mantentzea. Proiektu berritzaileak garatu nahi dituzte alor horietan, gaitz horien intzidentzia murrizteko edo horien efektua leuntzeko, gaixoek baleko bizi kalitatea izan dezaten lan eginez.

Bi administrazioetako arduradunen arabera, epe ertainean, erronka handiak izango dira aurrekontuei eta osasun arloko kudeaketari dagokienez. Baina, era berean, aukerak ere ugariak izan daitezke, gaixo kronikoen eta adineko pertsonen artatze eta zaintzara zuzendutako jarduera ekonomikoak garatze aldera.

Azken urteotan asko eta etengabe ari da hazten zahartzearen industria delakoa. Honek askotariko alorrak hartzen ditu: elikadura, botikak, artatzea, estetika, turismoa, aisia/kultura eta etxebizitza, besteak beste. Sektore honek hazten jarraituko du, adinekoen portzentajea eta, ondorioz, horien beharrak ere handitzen diren heinean. Horren erakusle da Elderbask proiektua: zenbait ikerketa agentzia eta osasun establezimendu ari dira horretan, tartean, Matia Fundazioa.

Lankidetza berri honetako lehen urratsak esperientzia trukaketak izango dira: sektoreko zenbait profesional tarteka elkartuko dira. Gainera, datu base bateratu bat jarriko dute martxan, egoeraren analisi xehea eta diagnostiko egokiak egin ahal izateko. Erronka horri lotuta, agiriaren sinatzaileek ikerketa eta industria ehuna garatzeko asmoa dute, zehazki gaitz kronikoei eta zahartzeari lotuta. Horrek, era berean, egiteko horiek betetzeko lanpostu zuzenen sorrera ekarriko luke.

Agiria hiru lan talderen artean aritu dira garatzen. Lehen taldeak informazio sistemak eta gaixo kronikoen osasun ibilbidea jorratu ditu. Bigarren taldeak gaitz kronikoen eta epidemiologiaren alorrean jardun du. Azkenik, gaixoen eta adineko pertsonen artatzerako berrikuntza landu dute hirugarren taldekoek. 2014ko ekainaren 14an egin zuten lehen bilera Bilbon, eta azkena, Bordelen, joan den maiatzean.  

Informazio gehiago:

Mugaz gaindiko lankidetza turismo arloan ere

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak