Hernanikidetu, enpresen gizarte erantzukizuna sustatzeko proiektu aitzindaria

hainbat

Enpresen gizarte erantzukizuna nahiko kontzeptu berria da. Enpresek, haien borondatez, gizarte eta ingurumen auziak txertatzea du helburu; haien jardunbide produktibo eta komertzialean zein interes taldeekin, elkarteekin, langileekin edo bezeroekin dituzten harremanetan. Enpresa jardun hutsaren osagarri, gizarteari kezka eragiten dioten eta enpresei ere arrotzak ez zaizkien auziak kontuan hartzea da gakoa. 2000 urtean Europako Kontseiluak egin zuen Lisboako Goi-bileran du abiapuntua enpresen gizarte erantzukizunaren ideiak. Ekarpena egitea du helburu, enpresen estrategian etikaren eta ingurumenaren ildoko zenbait praktika martxan jartzeko, hala nola: etengabeko ikaskuntza, aukera berdintasuna, gizarte inklusioa eta garapen jasangarria.

Azken lau hilabeteotan, gizarte erantzukizuna partekatzeko ekimen bat egin dute Hernanin (Gipuzkoa), eta horren ondorioen berri eman dute orain egun gutxi. Ekimenak Hernanikidetu du izena, eta Fly Group, Mitxelena tailerrak, Spora eta Arremanitz enpresek hartu dute parte bertan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Beterri garapen agentziaren eta Hernaniko Udalaren laguntza izan du programak. Lau enpresa horietako 50 lagunek hartu dute parte ekimenean, eta enpresok harremanetan izan dira Hernaniko zenbait gizarte agente eta talderekin. Farapi aholkularitza enpresak eta The Rights Factory-k koordinatu dute Hernanikidetu.

Ekimenak iraun duen bitartean, enpresen elkar erantzukizun agendak osatu dira, eta horietan, konpromiso zehatzak hartu dituzte gizarte eta ingurumen alorrei dagokienez. Hala, Mitxelena Tailerrek kontziliazio neurriak sustatuko dituzte emakumezko langileen artean; Arremanitzek hitzaldi bat antolatuko du, beste enpresa batzuk sentsibilizatzeko pertsonen emozio, zaintza eta balorazioari dagokionez; eta Fly Groupek bere praktiken ingurumen inpaktua hobetuko du, lasterketatan banatzen dituzten elikagaiak birziklatuz eta aprobetxatuz. Azkenik, Sporak hornitzaile etiko eta ekologikoen zerrenda bat egingo du.

Parte-hartzaileek emaitzen aurkezpenean azaldu zutenez, esperientzia oso positiboa izan da, itxuraz enpresa jarduerarekin zerikusi handirik ez duten kontzeptu berriak txertatu dituztelako lanean (bizitza jasangarritasuna eta ingurumena, kasu), eta hala ere jarraipen handia izan dute ekimenak iraun duen bitartean. Fly Groupeko Mikel Huartek esan zuenez, “proiektuak interesa piztu digu bigarren plano batean dauden zenbait gairekiko”.

Gizarte berrikuntzarako ekintzak albiste dira oraindik ere gure herrian, berriak direlako. Hala ere, badirudi pixkanaka zabaltzen ari direla, Hernanikidetu eta antzeko beste zenbait ekimeni esker. Enpresen eta gizarte eragileen arteko topaketa eta elkarlanerako espazioak bilatzeak onurak besterik ezin ditu ekarri.

Informazio gehiago:

La responsabilidad social de las empresas en la UE

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak