Nazioarteko ekimena Korsikan, erabakitzeko eskubidearen alde

varios

Korsikako subiranotasunaren aldeko mugimenduak adi begiratzen dio Europako estaturik gabeko nazioen agertokian azkenaldian gertatzen ari den guztiari. Eskozian eta Katalunian egindako ekimenek ilusioa piztu dute beste toki batzuetan ere, eta badirudi Mediterraneoko irla honetan ere bere egin dutela mezua. Corsica Libera alderdiak (Jean-Guy Talamonik zuzentzen du) eta Alba Nova kolektiboak Iniziativa Corsica mugimendua bultzatu dute, “XXI. menderako bide korsikarra”.

Nazioartera ere iristen den ekimena da honakoa, eta Korsikako gatazka Europako agenda politikoan sartzea du helburu, FLNC talde klandestinoak duela ia urtebete su-etena eman eta gero, Parisko gobernuarekin elkarrizketak errazteko. Korsikako mugimendu abertzalearen gehiengoak desengainua hartu du, egindako administrazio erreformek oso emaitza eskasak eman dituztelako. Izan ere, haien aldarrikapen nagusiak diren korsikeraren ofizialtasunak eta fiskalitate propioak aurrera egiteko Frantziako Konstituzioan erreforma egin beharko litzateke, eta gaur egun zaila da hori gertatzea.

Korsikako mugimendu abertzalearen alde pragmatikoenak egindako aldarrikapenek Parisekin egin dute talka aurrez aurre urte luzeetan, Frantziako Gobernuak ez baitie erantzun ere egin batzuetan, eta gutxietsi egin ditu besteetan. Horrenbestez, nekearen erakusle da Iniziativa Corsica martxan jarriarazi duen hausnarketa, gaur arte lortu diren emaitza praktikoak oso urriak izan direlako. Korsikako Asanbleak ez du ahalmen legegilerik, eta hor dago gakoa, bertan lortutako akordioak ez baitoaz inora. Errealitate horren aurrean, mobilizazioa beste aukerarik ez zaie geratzen, baita posibilistenei ere. Horren adibide da Ghjuventu Indipendentista erakundeak ekainaren erdialdean egindako deialdia, indar autonomisten zein Frantziako mugimendu ezkertiarretako kideen babesa izan baitu.

Oraindik goiz da ekimen berri horrek zer ibilbide izango duen iragartzeko. Hala ere, ekainaren 16an Korsikako Asanblean egindako hitzaldia izan da bere lehen ekintzetako bat, eta itzal handiko jendea elkartu zen bertan. Esaterako, Michel Rocard Frantziako lehen ministro ohia, Jean-Luc Bennahmias Fronte Demokratikoko presidentea, Robert Louvin zuzenbide irakaslea eta Francine Demichel, Lionel Jospinen garaian Goi Mailako Hezkuntzako zuzendaria izandakoa. Horiek guztiak, Josep-Lluis Carod-Rovira Kataluniako Generalitateko presidenteorde izandakoak koordinatuta, berak gidatzen baitu nazioarteko ekimen korsikar hau.

Informazio gehiago:

Corsica calls on France to give an answer

Adaptation législative : la grande désillusion

Corsica Infurmazione

Tags: 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak