Gazteen enplegua aktibatu, baina baldintza duinekin

varios

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak gazteen enplegu duina sustatzeko neurri sorta bat prestatu du, administrazioek azken urteotan abiarazitakoak osatzea helburu. Gazteek enpleguari dagokionez jasaten duten egoeraz egindako analisi bat du oinarri EGKren ekimen honek. Aipatzekoa da langabezia tasa handia (%30), eta gainera, soldata kaskarren ondorioz, gazteen %22ari hilabetea bukatu aurretik agortzen zaiola dirua. Bestalde, gazteen %60ak ez du diru-sarrerarik, haiei egindako kontratuen %95a behin-behinekoa da, eta %42ak urtebete baino gutxiagoko iraupena du.

EGKren diagnostikoak gazteen lan egoera larriagotzen duten bi auziri erreparatzen die bereziki. Batetik, lanpostu bat aurkitzeko dituzten zailtasun handiak, eta bestetik, behin lana lortuta, gazte gehienek bizi duten prekarietatea. Azken urteotan, eta are gehiago krisiaren eraginez, prekarietatea eta gazte enplegua sinonimo bihurtu dira ia. Horren adibide dira formakuntza zein praktika kontratuak eta bekak.

Panorama horren aurrean, EGKk hiru ekintza lerro proposatu ditu. Batetik, neurri aktiboak gazteak kontratatzeko, lanerako formakuntzarako eta ekintzailetzarako. Era berean, zuzenean prekarietateari aurka egiteko neurri batzuk ere proposatu ditu: prebentzioa, aurrekontu publikoa duten kontratazioetan formula bereziak ezabatzea eta iruzurrezko baldintzen ikuskatzea (kontraturik gabeko lanak, enplegua ordezkatzen duten bekak edo autonomo faltsuak, kasu). Hirugarren lerroa ekintza positiboei buruzkoa da: gazteei zuzendutako gizarte klausulak kontratazio publikoan, gazteen kuotak, belaunaldi erreleboaren sustapena eta laguntza sozioekonomikoetarako (diru-sarrerak bermatzeko errenta edo gizarte larrialdietarako laguntzak) sarbidea erraztea.

EGKk argitaratutako katalogoak garrantzia eman nahi die administrazioek gazte enpleguaren alorrean diseinatutako zenbait neurriri, baina aldi berean, horiek eraginkorragoak izan daitezen, beste neurri osagarri batzuk proposatzen ditu. Asko hitz egiten da gazteen enpleguaz edo haien langabezia tasa handiaz, baina gaur egun, ez dago nahikoa tresnarik jasaten duten egoera kaskarrari aurre egiteko. Are gehiago, EGKko kideek salatu dutenez, administrazioak oro har herritarrei zuzenduta abiarazi dituen neurri batzuek ez diote gazteen errealitate espezifikoari erantzuten, eta beste batzuek diskriminatu ere egiten dituzte. Gainera, espresuki gazteei zuzenduta ez dauden zenbait ekintzatan ere “gazte” etiketa baliatzen dela salatu dute, hala nola, Gazteenpresa delakoetan.

Gainera, EGKren diagnostikoan hausnarketa bat ere egin dute, lan falta dela eta jaioterria uztera behartuta dauden gazteen inguruan. Zentzu horretan, itzultzeko aukera izan dezaten bideak sustatzea proposatu dute, aldi berean, joan ez direnei kalte egin gabe. Era berean, joan direnekin harremana mantentzea aholkatzen dute, eta helmuga herrialdean bizi duten egoera aztertzea eta erraztasunak ematea kontratuen erregularizazioari zein gizarte segurantzari dagokienez.

Informazio gehiago:

Enplegu planek ez diotela gazte prekaritateari aurre egiten salatu du EGK-k

Los jóvenes piden acabar con las ayudas públicas para becas y contratos precarios

Tags: 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak