Ordu gehiago lan egiteak ez du zertan produktibitate handiagoa ekarri

Hainbat

Irtenbide zaila duen etengabeko eztabaida da. Astean ordu gehiago lan egiteak ez du bermatzen langileen produktibitatea handiagoa izango denik. Berez, badira estatistika fidagarriak kontrakoa pentsarazten dutenak. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA) txosten baten arabera, Alemaniako langileek Espainiako estatukoek baino 280 ordu gutxiago egiten dute lan; 1.388 ordu lehenengoek, eta 1.665 bigarrenek. Hala ere, alemaniarren orduko batez besteko produktibitatea 42 eurotik gorakoa da, eta Espainiako estatukoa 32 eurokoa.

Alemaniako kasua estrapolagarria da Europa iparraldeko beste ekonomietara; adibidez, Herbehereak (1.380 ordu), Norvegia (1.408 ordu) eta Danimarka (1.411 ordu). Suedian 1.607 ordu egiten dituzte urtean, eta pixka bat atzerago geratzen da, bederatzigarren postuan. Herrialde honetan ekimen berritzaile bat jarri dute martxan, eta litekeena da horregatik izatea, hain zuzen: eguneko sei orduko lanaldia jarri dute abian, astelehenetik ostiralera. Guztira, 30 ordu astean, egunean zazpi eguneko lanaldia duten langileen soldata berberarekin.

Ezkerreko Alderdiak zuzentzen duen Goteborgeko udal gobernuak abiarazi du ekimen hori, oraindik fase esperimentalean badago ere. Behin ondorioak aterata, udalak erabakiko du esperientziarekin aurrera egin edo bertan behera utzi.

Aurrez, antzeko proba bat egin zuten automobilgintzaren sektoreko fabrika batean, eta emaitzak positiboak izan ziren. Kasu honetan ere hala balitz, lanaldi berria lan talde osoarentzat ezarriko litzateke.

Ekimen honen sustatzaileek uste dute lanaldi laburragoa edukita langileek errendimendu handiagoa izango dutela, gusturago arituko direla lanean eta baja gutxiago izango direla; hartara ez dio produktibitateari kalterik egingo. Gainera, sustatzaileen iritziz, ekimen hau martxan jartzeak lanpostu gehiago sorraraz ditzake etorkizunean.

Ordutegiaren murrizketaz harago, geroz eta jende gehiagok defendatzen du ordutegien arrazionalizazioa; Jose Maria Fernandez Crehuet adituak, kasu. Lanaldi jarraitua ezarrita, bazkalordua aurreratuta edo aparteko orduak baztertuta lortu daiteke arrazionalizazio hori, besteak beste.

 

Informazio gehiago:

Lan ordutegirik onena

Oporrak, lanaldia eta produktibitatea Europan

Lau eguneko lan astea Utahn

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak