Enpresen errendimendua hobea da goi karguetan emakumeak daudenean, OIT-k berretsi duenez

Hainbat

Lanaren Nazioarteko Erakundeak (OIT) Emakumea enpresen kudeaketan izeneko txostena argitaratu du. Bertan azaltzen denez, enpresetako goi karguetan emakume gehiago izateak hobetu egiten du horien errendimendua. Hala ere, txostenak dio parekidetasun ezak oso handia izaten jarraitzen duela alor horretan, munduko enpresa handienen artean %5ean baino ez baitago emakume bat zuzendari.

Deborah France-Massin OITko Enplegatzaileen Jardueretarako Bulegoko arduradunaren arabera, “lan merkatuan emakumeek duten parte hartze gero eta handiagoa izan da munduko hazkundearen eta lehiakortasunaren ardatz nagusia, gure ikerketak erakutsi duenez”.

OITren analisiak berretsi du azken urteotan pixkanakako hazkundea izan dela enpresetako ardura nagusietan emakumeek duten presentziari dagokionez; bederen, erakundeak aztertutako 80 estatuetan (horietan dituzte datu fidagarriak). Txostenean nabarmendu dute Norvegiak duela emakumezko zuzendaritza kideen proportzio handiena; enpresen %13,3a zuzentzen dute emakumeek bertan, eta atzetik dator Turkia, %11rekin.

Beste datu deigarri bat ere badu azterketa honek. Burtsan dauden enpresetan, zuzendari diren emakumeen presentzia hutsaren hurrengoa da Frantziako CAC40an eta Alemaniako DAXen, eta %4koa Londresko FTS100an. Txinak eta Zeelanda Berriak dute emakume gehien zuzendari nagusi karguan kotizatzen duten enpresen artean: %5a dira.

Kristalezko sabaiek eta hormek bere horretan jarraitzen dutela ere berretsi du txostenak, eta emakumeek enpresen zuzendaritzan aurrera egitea oztopatzen du horrek. Besteak beste, emakumeen espezializazio handiagoa dagoelako giza baliabideei, harreman publikoei eta komunikazioen kudeaketari lotutako postuetan; salmenten administrazioa, ikerketa eta produktuen ardura edo kudeaketa orokorrera bideratutako postuen kaltetan.

Euskal Herriari dagokionez, Gaindegiaren datuen arabera, zuzendaritzan edo kudeaketan ari direnen artean %30,4a dira emakumeak. Halaber, emakumeen jarduera tasa %68an dago. Hala ere, beste herrialde askotan gertatzen den moduan, ibilbidea tradizionalki emakumeekin lotu izan diren ikasketa eta sektoreetatik bideratzea da unibertsitateko joera orokorra, nahiz eta oro har ikasle gehienak emakumeak izan.

Informazio gehiago:

Matilde Elexpuru (AED): “Las mujeres estábamos en una línea aceptable de empleo”

Indicador Asempleo Mujeres Directivas

Tags: 

Azken Albisteak

Nabarmenduak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak