Erresuma Batuak erreforma lau nazioetara zabaltzen ez badu, estatuaren batasuna arriskuan egon daitekeela uste dute Galesen

Hainbat

Eskozian aurrera daramaten subiranotasun prozesuak piezen mugimendua eragin du Erresuma Batua osatzen duten beste nazioetan ere. Alderdi Laboristako kidea den Galesko lehen ministroak, Carwyn Jonesek, Australiako telebista kate bati esan dio beharrezkoa dela estatua osatzen duten nazioei botere handiagoa itzultzea, haien arteko harremanak eta eskumenak modernizatuz; bestela, Erresuma Batua arriskuan egon liteke urtebete edo bi urteren buruan.

Joan den irailean ere, Eskoziako subiranotasun prozesu betean, Jonesek aldarrikatu zuen prozesu eratzaile bat zabaltzeko beharra, kide bakoitzaren eskumenak mugatzeko eta Londresek gaur egun metatzen duen gehiegizko boterea orekatzeko. Jonesen ustez, Ingalaterrak Eskozia, Gales eta Ipar Irlandarekin alderatuta duen pisu demografiko eta ekonomiko handiak baldintzatu egiten du edozer irtenbide. Galesko lehen ministroaren arabera, negoziazio txanda bat zabaltzea litzateke gakoa, baina betiere lau nazioek kondizio berberetan parte hartzeko aukera edukita.

Gales Erresuma Batuaren barruan geratzearen aldekoa da Jones, baina eskumen gehiagorekin, eta gaineratu du subiranotasunaren jatorria dagoela auzitan hemen; hau da, Londresek duen boterea. Bere ustez, subiranotasun hori Erresuma Batua osatzen duten lau nazioei eman behar zaie, eta konstituzioan aldaketa itzela ekarriko luke horrek. Hala ere, Jonesen iritziz, oraindik ez daude prozesuaren abiapuntuan, Londresek ez duelako borondaterik hura zabaltzeko. Bestalde, Plaid Cymru alderdi nazionalistak dio Jonesek ez duela gaitasunik herrialdearen interesak defendatzeko, eta leporatu dio ez duela ezer egin autogobernu handiagoa izan dezaten.

Galesek Euskal Herriaren antzeko tamaina du: 20.779 kilometroko karratuko hedadura eta hiru milioi biztanle pasatxo. Galesko Asanbladarako 2011ko hauteskundeak (60 eserleku) Alderdi Laboristak irabazi zituen 30 diputatu lortuta (+4), eta Alderdi Kontserbadorea geratu zen bigarren, 14 diputaturekin (+2). Plaid Cymru izan zen hirugarren 11 eserleku eskuratuta (-4), eta Alderdi Liberal Demokrata laugarren, bost eserlekurekin (-1). Galesko gobernua laboristen esku dago, eta bakarrik agintzen dute.

Informazio gehiago:

Qué significan las devoluciones de poder

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak