Gure biztanleria aktiboaren erdiak goi mailako ikasketak ditu

Gaindegia

Euskal Herriko biztanleria aktiboaren %49k ditu goi mailako ikasketak; hau da, unibertsitate titulazioa edo goi mailako Lanbide Heziketa. EBko batez bestekoa baino 17 puntu handiagoa da zifra hori. Gaur egungo eredu ekonomikoak, ordea, zer eskaintzen die ondo trebatutako profesionalei?

Gaindegiak Formakuntzaren argazkia egin nahi izan du txosten honetan, eta hainbat datu bildu diru horretarako: biztanleria eta formakuntza maila, lurraldeen arteko aldeak, Europako beste lurraldeekin alderaketa, eta abar.

Euskal Herrian lanean edo lan bila dabiltzan euskal herritarren ia erdiak du goi mailako formakuntza, baina zifra are handiagoa da gazteenei erreparatzen badiegu (%57,3). Izan ere, hezkuntzak Hego Euskal Herrian bizitu duen bilakaera azpimarragarria da: 1977an, lan egiteko adinean zeuden 33.209 lagunek baino ez zituzten goi mailako ikasketak; 36 urte geroago, zifra bederatzi aldiz handiagoa da ia: 283.673.

 Gaur egun 30 eta 34 urte artean dituzten Euskal Herriko gazteetatik, hirugarren mailako ikasketen jabe da %57,3a. Europar Batasuneko erreferentziazko lurralde guztien gainetik jartzen gaitu horrek: %52,8 dira Eskozian; %47,6 Frantziako Rhône-Alpes eskualdean; %45,1 Finlandian; %46,2 Katalunian eta %43,4 Danimarkan, adibide batzuk aipatzearren. Alboko taula honetan argi ikus daiteke hori.

Lan merkatuari erreparatuta, ordea, Euskal Herriko egoera ez da hain baikorra. Krisiaren eragina eta hezkuntza eta lan merkatuaren arteko harremanari ere erreparatu dio Gaindegiak. Datuen arabera, goi mailako ikasketak izateak erraztu egiten du lan munduratzea, baina krisiaren testuinguruan, Euskal Herrian, profesional kualifikatu horiek ez dituzte ateak nahi bezain zabalik aurkitu. 2007tik 2013ra, bi puntu pasatxo baino ez da hazi goi mailako ikasketak dituzten landunen kopurua, eta joera beheranzkoa da 2011tik.

Kontra, EB-28ko estatu eta herrialde gehienek bat egiten dute alderantzizko bilakaeran: krisiak krisi, goi mailako ikasketak dituzten landunen kopuruak hazten jarraitu du 2007tik aurrera ere, eta nabarmen, gainera: ia 21 puntu batez beste, Alemaniaren pare (ikus alboko grafikoa). Oro har Euskal Herriak baino langabezia tasa nabarmen handiagoa duen Katalunian ere, gurean baino bilakaera hobea izan dute goi mailako tituludunek lan merkatuan (ia 8 puntuko igoera 2007tik).

Gaur egun, 43.000 lagun inguru ari dira Lanbide Heziketa ikasten Euskal Herrian, erdi eta goi mailako zikloak batuta. Hego Euskal Herrian, ia 39.500 lagun zeuden matrikulatuta 2012-2013 ikasturtean, eta administrazioaren adarreko zikloek zuten ikasle gehien. Hala ere, desberdintasun handiak daude lurralde batetik bestera: herrialde guztietan administrazioak ikasle asko baditu ere, Nafarroa Garaian baino ez da nagusitzen. Araban eta Gipuzkoan fabrikazio mekanikoak ditu ikasle gehien, eta Bizkaian elektrizitatea eta elektronikak; gurean industriak duen garrantziaren erakusle. Ipar Euskal Herrian, hiru mila ikasle inguru ari dira Lanbide Heziketan, eta ia horien erdiak jo du zerbitzuen sektorera; administrazio, osasun eta merkataritzara. Atzetik datoz mekanika, elektronika-elektrizitatea eta nekazaritzaren alorrak. 

Informazio gehiagorako, jo txostenera: Formakuntza Euskal Herrian

 

Lotura interesgarriak

·         Gaindegia. Txostena: Lan merkatuaren egoera Euskal Herrian.

·         Gaindegia. Datuak.net: Biztanleria hezkuntza mailaren arabera.

·         Eurostat. Education statistics at regional level.

·         Noticias de Gipuzkoa: Euskadi se arriesga a sufrir una fuga de talentos.

·         Arrosa sarea: Zebrabidea. Goi mailako formakuntza EHn (1h20etik aurrera).

·         ETB1: Azpimarra. Lanbide Heziketa Euskal Herrian (31. minututik aurrera).

·         Info7. Lanbide Heziketa Euskal Herrian.

Tags: 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak