Nafarroa Garaian ere bi bazkidedun kooperatibak sortu daitezke

Hainbat

Nafarroa Garaiko Parlamentuak Lan Elkartuko Mikro Kooperatiben Foru Legea onartu berri du; sozietate horiek bi langileren bazkidetzarekin sortzea ahalbidetuko du horrek, eta gehienez hamar langileren bazkidetzarekin. Aldaketa garrantzitsua da, krisi garaiotan enpresa berriak sortzeko dauden zailtasunak direla eta. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) aukera hori badago lehendik ere, 2008ko abuztuan indarrean jarri zen Euskadiko Kooperatiba Sozietate Txikiei Buruzko Legeari esker. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Frantziako Gobernuak tankera horretako neurri legegileak hartu zituen 2012an.

Lege berriak murriztu egin du kooperatiba osatzeko beharrezkoa zen gutxieneko bazkideen kopurua, eta gainera, aukera ematen du kooperatiba ez den sozietate bat mikro kooperatiba bihurtzeko, bai eta lehendik ere sortuta zegoen kooperatiba bat araudi berri honetara egokitzeko ere. Era berean, erregistroa egiteko epeak laburtzen ditu legeak, 48 ordutan burutu ahal izateraino.

ANELek (Gizarte Ekonomiako Nafarroako Enpresak) sustatu du ekimen parlamentario hau, eta bere presidente Ignacio Ugalderen arabera, “aldaketa honek aukera ematen die ekintzaile askori gizarte ekonomiarako enpresa eredu baten bitartez bere jarduera abiarazteko”. Lege berriak Europar Batasunaren aholkuei men egiten die bi eta hamar langile arteko mikro ETEen sorrera sustatzeari dagokionez, baina gizarte ekonomiaren alorrera bideratuta. 

Tags: 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak