Euskal Herriko sindikatu eta gizarte eragile gehienak, TTIParen aurka

Hainbat

Europa eta Amerikako Estatu Batuen arteko Merkataritza eta Inbertsiorako Hitzarmenaren (TTIP) aurka bat egin dute Euskal Herriko sindikatu eta gizarte eragile ia guztiek, bai eta politikari gehientsuenek ere. Hego Euskal Herrian indarrak elkartu eta agerpen publikoa egin dute egunotan, Ipar Euskal Herrian azkenaldian egiten ari diren protestei jarraiki. Litekeena da tratatu honi egotzi dakiokeen meritu estimagarri bakarra izatea hori guztia. 2013ko otsailetik ari dira Europar Batzordea eta AEBak TTIPa negoziatzen, sekretismo handiz. Sustatzaileen hitzetan, Ozeano Atlantikoaren alde bietako inbertsio ekonomikoei mugak kentzea da helburu nagusia, hala tratatua sinatuko duten kide guztien garapen eta aberastasun handiagoa ahalbidetzeko.

Hala ere, hitzarmenaren aurka daudenek diote TTIPak subiranotasun galera ekarriko diela haren menpe dauden herriei, botere publikoa ahulduko dela pribatuaren kaltetan, eta pixkanaka justiziaren pribatizazioa gertatuko dela, etor daitezkeen auziak arbitraje mekanismo pribatuetara bideratuko baitira. Era berean, akordioak kontsortzio transnazional handien lana erraztuko duela uste dute.

Gainera, langileen eskubideak murriztea ere ekarriko luke hitzarmenak, AEBtako eskubideak hartuko bailirateke guztientzat erreferentziatzat. Bestalde, zerbitzu publikoak pribatizatzeko arrisku garbia egongo litzateke, inbertsioa erraztea delako itunaren oinarri nagusietako bat.

1990ean hasi ziren merkataritza espazio komuna sortzeko saiakerak, urte hartan Adierazpen Transatlantikoa egin baitzuten Europak eta AEBek. 1998an berretsi zuten gero, eta 2007an sortutako Kontseilu Ekonomiko Transatlantikoarekin gauzatu zuten.

Informazio gehiago:

7 respuestas sobre el TTIP cuyas respuestas deberías conocer

TTIP, UE, EUA: Golpe transnacional contra la soberanía popular

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak