Euskal herritar gutxiago 2013tik 2014ra

Gaindegia

grafikoa

INEk eta INSEEk eguneratu berri dituzte 2014ko biztanleria datuak. Horietatik abiatuta, Euskal Herriak 3.124.259 biztanle dituela kalkulatu du Gaindegiak. Aurreikusita bazegoen ere, azken 15 urteotan lehenbizikoz, euskal herritarrak galdu ditugu: 3.735 lagun zehazki, 2013tik 2014ra. Berez, Nafarroa Garaian, Bizkaian eta Zuberoan jaitsi da biztanleria; gutxi bada ere, gainontzeko herrialdeetan bilakaerak goranzkoa izaten jarraitzen du.

Euskal Herriaren azken urteotako bilakaerak bat egiten du, gutxi gorabehera, Europar Batasuneko batez bestekoarekin: azken urtean biztanleria 0,12 puntu jaitsi bada ere, gurean 2,11 puntu igo da, oro har, 2008an krisia hasi zenetik. Europar Batasunean 1,4 hazi da herritar kopurua azken sei urteotan, baina desberdintasun handiak daude lurralde batzuetatik besteetara. Europako ekialdeko estatu guztiek (bereziki deigarria Letoniaren kasua) eta krisiaren alde gorriena bizitzen ari diren zenbaitzuek (Grezia, Portugal) galdu dute biztanleria.

Beste aldean kokatzen dira Beneluxeko estatuak, Eskandinaviakoak eta beste zenbait ere: batzuek etorkin asko hartu dituztelako (Luxenburgo, Danimarka) eta beste batzuek jaiotzak sustatzeko politikak aktibatu dituztelako (Frantzia, Austria). Bereziki deigarria da Alemaniaren kasua: oro har, 2008tik biztanleria galdu du estatu honek, baina hazten ari da 2012tik. Maila apalagoan, baina Euskal Herria Luxenburgo eta Danimarkaren gisakoen zerrendan kokatzen da: hazkundea kanpotik etorri da, ugalkortasun tasa txikienetakoa duen lurraldea baita gurea, nahiz eta desberdintasun handiak egon herrialde batetik bestera (51,9 puntu Nafarroa Beherean eta 39,9 Bizkaian).

Eskualdeka, alde handiak daude Euskal Herriko biztanleriaren bilakaeran. Esaterako, Nafarroa Garaiko periferiako eta Zuberoako zenbait zonalde aspaldi hasi ziren herritarrak galtzen, bai eta garai batean jende ugari erakartzen zuen Bilbo Handia ere. Hala ere, beheranzko joera orokortzen ari da Euskal Herrian: 2002-2008 tartean, zazpi baino ez ziren biztanleria galtzen ari ziren eskualdeak, eta 2008-14 tartean hamasei izan dira.

Gai honi buruz, demografiaz, hitz egin du Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak aste honetan ETB1eko Azpimarra saioan. Berarekin batera, programan parte hartu du Marta Luxan EHUko demografoak ere.

 

Tags: 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak