Kataluniako prozesua, konstituzio propio baten bueltan

Hainbat

Kataluniako subiranotasun prozesua trantsizio garai betean dago, irailaren 27an egingo diren hauteskundeei begira. Bozen emaitzarik gabe, eta aurreikuspen zuzenak egitea zaila den une batean, zantzuen arabera, badirudi hauteskundeen ondoren egingo diren urratsak Kataluniako Konstituzio proiektuaren bueltan etorriko direla. Hain zuzen, oinarrizko zirriborro nagusia idatzi du dagoeneko legelari talde batek.

Zalantzarik gabe joera errepublikarra duen konstituzio horri balioa ematea izan daiteke indar politiko subiranisten eta prozesuaren benetako protagonistak diren elkarte zibikoen (ANC eta Omnium) lotunea. Bartzelonan aurkeztu berri du testua Santiago Vidal epaileak, hura idatzi duen taldearen koordinatzaileak. Orain epea zabaldu dute herritarrek aukera izan dezaten testuaren 97 artikuluentzat zuzenketak proposatzeko. Kataluniak ejertzitorik ez izatea, katalana hizkuntza ofiziala izatea eta gaztelania koofiziala, eta hauteskunde prozesuetan zerrenda irekiak egotea proposatzen dute artikulu horiek, besteak beste. Kataluniako edozein herritarrek izango du aukera hobekuntzak proposatzeko. Vidal koordinatzaile duen idatzi honez gain, badira beste bi zirriborro, baina antzekotasun handiak dituzte guztiek.

Konstituzio aurreko prozesua da honakoa, munduan inoiz egin gabea. Gehiengo subiranistaren aurreikuspenak berresten badira, zirriborro horietan oinarrituta jaioko litzatekeen konstituzio berria izan liteke Kataluniako etorkizun subiranistaren ardatza. Betiere Parlament berrian gehiengo zabala edukita, bazter batera utziko litzateke aldebakarreko independentzia aldarrikapena.  

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak