Inbertsio garrantzitsuak Nafarroa Garaian, gainbeheran dauden bi eskualdetan

Hainbat

Azken egunotan, garai zailak bizi dituzten Nafarroa Garaiko bi eskualdetan egingo den inbertsio bana atera da argitara. Lakuntzan dagoen Sakana S. Coop erakundeak egingo duenak du bolumen ekonomiko handiena: 15 milioi euroko inbertsioa da. Diru horrekin, batetik, kooperatiban fabrikatutako piezen bolumena handituko dute. Bestetik, mekanizatuan eta pinturan ere hasiko dira lanean, horretarako propio sortu dituzten Lakber SL eta Goilak SL partaidetutako enpresen bitartez. Sakana S. Coopek sektore eolikoan eta makina-erremintan egiten du lan nagusiki, eta bere ekoizpenaren %80a esportatzen du. Inbertsio honekin lan-taldea handitu dute eta 250 lagun dira orain; horien artean, 100 inguru dira kooperatibistak.

Zailtasunak dituen beste eskualde batean, Baztanen, Geiser Pharma Nafarroa Garaiko enpresa farmazeutikoak egingo du inbertsioa. Zehazki, Lekarozko enpresa campusean. Kasu honetan, botikak ekoizteko instalazioak izango dituen egitura berri bat eraikitzeko baliatuko da inbertsioa, eta zazpi milioi euro ingurukoa izango da. Baztanen 30 lanpostu sortzea ekarriko du honek guztiak; datu garrantzitsua, industria inbertsio gabezia handia duen eskualdea baita hau. Lanak otsailaren bukaeran hasiko dira, eta instalazioa martxan izango da 2016a bukatzerako. Baztango Udalak pozik hartu du inbertsioaren albistea.   

Tags: 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak