Biztanleria batez bestekotik gora hazi da udalerri euskaldunenetan azken urteotan

Gaindegia

 

UEMAk eskatuta, Hego Euskal Herriko lurgune euskaldunaren gizarte eta ekonomiaren bilakaera aztertu berri du Gaindegiak. 162 udalerrik osatzen dute Hego Euskal Herriko lurgune euskaldun hori, eta 375.000 biztanle baino gehiago bizi dira inguru horren eraginpean. Udalerrien erdia baino gehiago 1.000 biztanletik beherakoa da, eta ia heren bat 1.000 eta 5.000 biztanle artekoa.

Demografiari dagokionez, 1991tik 2011ra %7,8 hazi da lurgune euskalduneko biztanleria; Hego Euskal Herriko batez bestekotik gora, beraz, igoera %7,1ekoa izan baita oro har. Udalerriak xehatuz gero, gorabehera handiak daude, toki batzuetan populazioa asko igo bada ere, beste batzuetako gainbehera ere nabarmena izan baita. Nagusiki hiriguneetatik gertu eta ondo konektatuta dauden lurgune euskalduneko udalerrietan hazi da biztanleria; esaterako, Iruran, Gatikan eta Astigarragan. Bestalde, adin-tarteei erreparatuz gero, 20-29 urteko biztanleriaren hazkundea Hego Euskal Herriko batez bestekotik behera egon da azken urteotan, baina batez bestekotik gora 30-39 adin-tartean; gaur egun familia gehienak osatzen diren urteetan, hain zuzen.

Gaur egun, lurgune euskaldunean bizi den biztanleriaren %51,1 udalerritik kanpo jaiotakoa da, eta gehientsuenek Hego Euskal Herrian dute jatorria. Horrek esan nahi du jende askok egin duela jaioterritik gertu duen beste udalerriren batera aldaketa; etxebizitzaren prezioak baldintzatuta, adibidez. Lan mugikortasuna ere oso handia da, eta haziz doa etengabe: 2011n, lurgune euskalduneko biztanleriaren herenak baino ez zuen egiten lan bizitoki zuen udalerrian; 2001ekoa baino hamar puntu txikiagoa da zifra.

Etxebizitza parkearen bilakaera ikusgarria izan da, biztanleriarena baino ikusgarriagoa. Esan bezala, lurgune euskalduneko populazioa %7,8 hazi da 1991 eta 2011 artean, etxebizitza parkearen igoera %37,5ekoa izan den bitartean. Gainera, lurgune euskalduneko etxebizitza gehientsuenak bizitzeko dira, bigarren etxebizitzen parkea batez bestekotik behera baitago udalerri horietan.

Industriak lurgune euskaldunean duen pisua Hego Euskal Herriko batez bestekotik gora dago, eta horregatik, sektore honen bilakaerak asko baldintzatu dezake udalerri hauen etorkizuna ere. Bai eta bestelako azpiegituren garapenak edo garapen faltak ere. Izan ere, udalerri hauetako batzuek askotariko zerbitzuak eta baliabideak badituzte ere, beste batzuek isolamendu handia pairatzen dute, eta horrek biztanleriaren gainbehera ekarri ohi du epe ertain eta luzera. Muturreko egoera duten udalerrien artean daude Arano (hezkuntza zentro eta denda gertukoenak 15 kilometrora), Jatabe (hezkuntza zein osasun zentroa 6,7 kilometrora), Baliarrain (osasun zentroa eta establezimendua 5 kilometro baino gehiagora)…

Gaindegiak lurgune euskaldunari buruz egindako lanaren berri eman du Imanol Esnaola koordinatzaileak aste honetan, ETB1eko Azpimarra saioan. Berarekin batera, programan izan da Gari Berasaluze Zarauzko euskara zinegotzia ere. 

Bideoa (46:30etik aurrera):

Tags: 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak