Erabilitako arropa, nazioarteko merkatu ikusezinean

Hainbat

Modak, goi mailako bizimoduak eta erabili ahala gauzak botatzeko kulturak berak eraginda, erabilitako arropa soberakin handiak daude gaur egun mendebaldeko herrialde gehienetan. Arropa horren zati bat birziklatu egiten dute gobernuz kanpoko edo laguntza erakundeek, baina beste zati handi bat mundu mailako merkataritza trafikoan murgiltzen da. Negozio honek 3.800 milioi euroko balio globala luke, Andrew Brooks Londresko King’s College unibertsitateko irakasleak liburu batean azaldu duenez.

AEBak dira erabilitako arroparen esportatzaile nagusiak, eta urtean 600 milioi euro baino gehiagoko balioa duen trafikoa sortzen dute. Hartzaile nagusiak Kanada, Txile, Guatemala, India eta Arabiar Emirerri Batuak dira; bai eta Hego Amerikako, Asiako eta Afrikako beste zenbait herrialde ere. AEBetan zein Erresuma Batuan, dohaintzan ematen den erabilitako arropa gehiena trafiko komertzialean murgiltzen da azkenean, hori legezkoa izan edo ez. Ehungintzan tradizio handia duten zenbait herrialdetan, trafiko horrek bere industria propioa suntsitu du neurri handi batean. Hala nola, Indian, Nigerian eta Ghanan.

Gure artean, erabilitako arropa gehiena erakunde humanitarioen bitartez bideratzen da; Oldberri kooperatibak, adibidez, Gipuzkoako parrokia eta edukiontzi berezietan biltzen ditu arropak, eta saltoki propioak dauzka. Emausek eta Gasteizko Kooperak ere birziklatzen dute erabilitako arropa. Dena dela, Espainiako estatuan badira enpresa komertzial ugari erabilitako arropa bildu eta esportatzen dutenak, bereziki Afrikara.

Tags: 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak