Bi hiri, erregio bakarra

hainbat

San Diego (Kalifornia) eta Tijuana (Kalifornia Beherea) Ozeano Pazifikoan dauden eta gune urbano bakarra osatzen duten bi hiri dira, baina AEBak eta Mexiko bereizten dituen 3.185 kilometroko muga luzea oztopo handia da haien arteko harremanetan. Kevin Faulconer eta Jorge Astiazaran hiriotako alkateek kultura politiko desberdinak dituzte, eta hala ere, bi udalon arteko lehen saio bateratua egin berri dute, mugaz gaindiko harreman berri baten abiapuntua izan daitekeena.

Bi udalen artean bost milioi biztanle dituzte guztira, eta haien harreman ekonomikoek 5.200 milioi euroko zifra gainditzen dute. Faulconer San Diegoko alkateak bere esaldi gustukoena dio behin eta berriz: “Ez gara bi hiri, erregio bat baizik”. Azken bi urteotan ugaritu egin dira bi instituzioek elkarlanean egindako ekimenak. Hautagaitza bateratua dute 2024ko Olinpiar Jokoetarako, eta haien bi aireportuak elkartzen ari dira, muga markatzen duen hesiaren gainean eraikitako zubi baten bitartez. Gainera, bi udalok bilerak egingo dituzte hemendik aurrera sei hilabetean behin, eta mugaz gaindiko gobernu foro bat izango dute.

Beste edonon bezala, arazoak ere badituzte, baina San Diegok gero eta teknologia enpresa gehiagori egiten die harrera, eta Tijuanak mediku zerbitzuak eta industria aeroespaziala garatzen dihardu. Mugak oztopo izaten jarraitzen du eta lankidetza moteltzen du, baina azken finean, ipar zein hegoaldekoak kaliforniarrak dira, eta horrek lagundu dezake harreman berriak arrakastatsuak izan daitezen. Esperientzia honen funtsak badu antzik Baiona-Donostia Eurohiriarekin, baina itxuraz, azkarrago ari da garatzen.

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak