Abiatzear da Armintzako olatuen energia laborategia

Hainbat

Energiaren Euskal Erakundea (EEE) proiektu bat zuzentzen ari da, Armintzan olatuen energia laborategia egiteko. Ekimenak atzerapenak izan ditu, baina arduradunek espero dute aurtengo udaberrian izango dela martxan; aurreneko aurreikuspenen arabera, 2013ko udan izan behar zuen lanean. Instalazioak Armintzako (Bizkaia) kostaldetik bi kilometrora daude ia, eta proba banku moduan baliatuko dute sektoreko enpresek, olatuen energiaren aprobetxamendurako sortzen dituzten prototipoen efizientzia probatzeko.

Biscay Marine Energy Platform (Bimep) sozietate publikoak kudeatzen du proiektua, eta bere kapital soziala zabaldu berri du, 13 milioi euro gehiago inbertitu ahal izatea helburu. IDAE Espainiako Energia Institutuak ere diruz laguntzen du ekimena, gutxi bada ere. Aurreikuspenen arabera, 20 urteren buruan, EAEn kontsumitzen den energiaren %10 itsasoko energia iturri alternatibo honetatik etorriko litzateke. EEEk kalkulatu duenez, 2020rako 60 megawatteko potentzia egongo litzateke instalatuta eta eskuragarri olatuen energiari dagokionez, eta offshore energia eolikoari dagokionez, 50 megawatt.

Olatuen energiari buruzko ikerketak hamarkada batzuk badaramatza martxan dagoeneko, baina gaurtik gaur, ez dago %100ean eraginkorra den gailurik, itsasoan aerosorgailu eolikoen pare dabilenik. Mota honetako esperientziak ugaritu egin dira Portugal, Oregon (AEB) eta Australian; Europaren kasuan, badirudi Eskozia dagoela aurreratuen alor honetan. Olatu energia pizgarria izan daiteke Euskal Herriak ekonomia subiranotasuna lortzeko bidean, baina aldi berean, bere bideragarritasunaren inguruko zalantzak daude oraindik ere komunitate zientifikoan. 2011tik, instalazio esperimental bat dago martxan Mutrikuko portuan: 296 kilowatteko potentzia du guztira, eta 100 etxebizitza ingururen beharrizanak asebete ditzake.  

Tags: 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak