Ner Groupek mutualitate bat sortu du, bere enpresen finantzaziorako

Hainbat

Irabazi ekonomikoak helburu bakartzat ez dituzten sektoreei, bere bide propioa urratzeko aitzakia eman die finantza sistematik abiatu zen krisi ekonomiko luze honek. Kreditu kooperatibak eta mutualitateak dira horren adibide: lehendik ere egon bazeuden, baina orain jokaleku zabalagoa dute. Batzuk banku etikoaren eremuan kokatzen dira, eta besteak, aurkeztu berri den Kutxa Ner kasu, finantzazioari dagokionez enpresa talde bati babesa ematea dute helburu. Horixe izan zen Laboral Kutxaren sorburua, eta gaur egun alorreko eragile nagusietako bat da Euskal Herrian. Katalunian, esaterako, Coop57 finantza zerbitzuen kooperatiba daukate.

Ner Groupek urratsa egin du, eta finantza entitate propioa osatu du (finantza zerbitzuen mutualitatea). Guztira 1.600 langile dituzten taldeko 21 enpresen beharrei erantzungo die. Haien kalkuluen arabera, apirilerako sei milioi euro baino gehiago izango dituzte: enpresek bere funtsetatik transferitutako dirua da, euren salmenten portzentaje zehatz baten araberakoa. Ner Groupeko enpresa bakoitzak 1.000 euro jarri ditu kutxa komunean: 500 gizarte kapitalerako eta beste 500 hasierako gastuei aurre egiteko. Unai Mendikote entitate berri honetako kontseilariaren arabera, banku tradizionalak “oso gaizki portatu dira krisian. 50.000 euro baino behar ez zituzten proiektuei ere babesa ukatu diete”. Babes falta hori izan da Kutxa Ner sortzeko arrazoi nagusietako bat.

Oraingoz, Kutxa Ner-en sustatzaileek ez dute kreditu kooperatiba arrunten moduan funtzionatzeko asmorik. Beraz, ez dute banku komertzial zerbitzurik emango (Nafarroako Rural Kutxak ematen du), eta taldeko enpresekin baino ez dute lan egingo. Hala ere, ez dute baztertu etorkizunean aukera hori garatzea. Hori bai, epe ertainean, taldeko langileak haien zerbitzuen onuradun izatea badute buruan.

Tags: 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak