Meatze ustiapenerako proiektua Mendiaundian: garapen jasangarria?

Hainbat

Magnesitas Navarras (Magna) meatze enpresak aire zabalean silizea ustiatzeko proiektu bat du martxan Mendiaundian, Aurizberrin (Erroibar, Nafarroa Garaia). Enpresaren arabera, jarduera berri honek 120 enplegu sortuko lituzke eskualdean. Hala ere, proiektuaren kontrako 5.000 alegazio daude, Aldude Mendia koordinadorak eta SEO/Birdlifek sustatuta. Proiektuak Nafarroako Foru Gobernuaren eta Erroibarreko Udalaren babesa du.

Mendiaundia Aldude Mendiaren Zaintza Bereziko Gunean kokatzen da, zeina 2005etik Natura 2000 Sarean baitago. Horregatik, proiektuaren aurka agertu dira sektore ekologistak, bai eta, oro har, landa garapen jasangarriaren aldeko edonor ere. Antzeko eremuetan egitekoak diren beste zenbait industria proiekturen kasuetan bezala, honetan ere eztabaida piztu da, meategia irekitzeak ekarriko lituzkeen onura eta ezbeharren inguruan. Esaterako, udalerri berean dagoen Zilbetiko proiektua oso antzekoa da, eta bost urte daramatza epailearen sententziaren zain.

Instituzioek aldeko argudioak eman dituzte, zonaldeko jarduera ekonomikoa hobetuko dela eta lanpostuak sortuko direla adieraziz. Aurka daudenek, ordea, iritzi diote meatzaritzarekin ezin direla Aldude Mendiaren balio naturalak behar bezala babestu, eta ingurune horren Kudeaketa Planean espresuki adierazita dago berme hori. Aurka dauden horiek tokiko garapen jasangarriaren alde egiten dute, aldi berean eskualdeko naturaren eta paisaiaren aberastasuna zainduz. Ramon Elosegi SEO/Birdlife erakundearen Euskal Herriko ordezkariak honakoa galdetu dio bere buruari: “Nola pentsa dezakete Nafarroa Garaiko ingurumen arduradunek aire zabaleko meatzeek ez diotela kalterik egingo halako ondare natural preziatua eta apartekoa duen lurraldeari?”.

Informazio gehiago hemen

Tags: 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak