Ekonomia urdina, ekosistema naturalaren logika jarduera ekonomikoari aplikatuz

Hainbat

Ekonomia urdinaren munduko liderra bihurtu da jatorriz belgikarra den baina Japonian bizi den Gunter Pauli ekonomialaria. Ekonomia urdinak baztertu egiten ditu baliabide naturalak agortzen dituen finantza eta espekulazio ekonomia, batetik, zein daukagunari eusteko inbertsio erraldoiak proposatzen dituen ekonomia berdea, bestetik. Ekosistema naturalen funtzionamendua aztertzean datza ekonomia urdina, eta hura eguneroko jarduera ekonomikoari aplikatzean. Herritarrek zoriontsu izateko behar dituzten ondasun eta zerbitzuen ekoizpenean eraginkorrak izatea da gakoa, horretarako erantzukizunak partekatuz eta etorkizuneko belaunaldiak errespetatuz.

Adibide batzuk jartzearren, Paulik proposatu du zebren azaleko marrak eta termitegien diseinua arkitekturari aplikatzea, bai eta meatze zein nekazaritza jardueretako hondakinen aprobetxamendua ere. Diseinu sistemikoa aplikatzea ere bada ekonomia urdinaren oinarrizko kontzeptuetako bat, sustatutako proiektuek zenbait arazo aldi berean konpon ditzaten ahalbidetzen baitu diseinu mota horrek. Askotariko alorretan aplikazioak izango lituzketen oinarrizko 105 printzipio aipatzen ditu Paulik.

ZERI (Zero Emissions Research Initiative) erakundeko presidentea da Pauli; institutu honek mundu osoko proiektu urdinak babesten ditu. Haren bitartez, askotariko erakunde eta instituzioekin jartzen da harremanetan, proiektu berrietan pentsamolde hau txertatzea helburu; bereziki, tokiko garapenarekin eta ekintzailetasunarekin zerikusia duten ekimenetan. Gurean, harreman zuzena dauka Lea-Artibaiko Azaro Fundazioarekin, eta 2014az geroztik lan topaketak egin ditu haiekin. Hain zuzen, datorren martxoaren 26an ekonomia urdinari buruzko biltzarra egingo dute Markina-Xemeinen, eta haren defendatzaile nagusia den Paulik ere parte hartuko du bertan.

Azken Albisteak

Nabarmenduak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak