Eskoziak Home Rule delakoa eskura izan dezake, maiatzeko hauteskundeen harira

Hainbat

Erresuma Batuko parlamentuko hauteskundeak izango dira maiatzean, eta azken hamarkadotan ez bezala, ez dago garbi zeinek irabaziko dituen. Alderdi Kontserbadorea eta Laborista berdinduta daude inkestetan, eta hori horrela Eskoziako SNP alderdia gakoa izan daiteke Westminsterreko parlamentu berrian. Inkesta batzuen arabera, Eskoziak Londresen dituen 59 eserlekuetatik, 54 eta 56 artean lor ditzake SNPk.

Emaitza hori hondamendia litzateke laboristentzat, gaur egun Eskoziari dagozkion eserlekuetan dituzten 41 jesarlekuetatik lau baino ez izatera igaroko bailirateke. Hala ere, porrot hori garaipen bihur liteke, bi alderdiek koalizioa osatuz gero. SNP Westminsterreko hirugarren alderdia izango balitz, Alderdi Laboristarekin negoziatzeko aukera izango luke, eta Londresen horiek osatutako gobernua babestearen truke Home Rule delakoa lortu. Hau da, erabateko autonomia fiskala eta autogobernua, Defentsa eta Kanpo Harremanetan izan ezik. Ed Miliband Alderdi Laboristako buruak, berez, esana du hala egingo duela hauteskundeak irabaziz gero.

Erresuma Batuko parlamentuko Eskoziako Auzien Batzordeak adierazi berri duenez, erabateko autonomia fiskala galbidea litzateke Eskoziarentzat, baina bertako herritarrek ez dute halakorik uste. Erabateko autonomiaren bideak aurrera egingo ez balu, SNPk aztertu egingo luke independentziaren aldeko beste erreferendum bat antolatzeko aukera.

Tags: 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak