Despopulazioa, Nafarroa Garaiko mendialdearen gaitza

Hainbat

Aizpurgi herri txikiari buruzko albiste batek agerian utzi du ezezaguna bezain kezkagarria den errealitatea: Nafarroa Garaiko mendialdea jendez husten ari da. Herri honetan, aurreztearren, etengailuari emanda baino ez da pizten kaleko argia gauetan. Anekdota hutsa irudi lezake, baina azken hamarkadotan PirinioakNabaskoze eta Zangoza inguruak gogor kolpatu dituen fenomenoaren adierazle ere bada. Herrigune horietan zein handixeago batzuetan (OtsagabiaUztarrozeEzkaroze) bizi diren herritar urriek ahaleginak egiten dituzte egoerari aurre egiteko, baina datuak ukaezinak dira: Zaraitzun, 2014an, jaiotza bakarra izan zen, eta 32 heriotza.

Bizirik Gaude tokiko elkartea borrokan ari da despopulatzearen aurka. Luis Antonio Saez adituak ere egin du bisita zonaldera, bizilagunei azaltzeko ez dituztela teoriak behar, ekintza zehatzak baizik. Irtenbide orokorrek ez dute balio; udalerri bakoitzak bere bidea urratu behar du, hain zuzen herriak ari direlako jendez husten, eta ez erkidegoak edo estatuak. Neurri partzialak hartzeko aukera egon badago, baina egiari zor, gero eta herrigune gehiago ari da husten Nafarroa Garaian, eta kasu gehienetan, ziurrenik, ez dago atzera bueltarik.

Lurralde antolamenduak eta administrazioak aplikatutako ekonomia, industria eta gizarte politikek zerikusia izan dute zenbait landa eremuren despopulatzean, bereziki mendialdean. Horren ordez, biztanleria hirigune handietan biltzeko (Iruñerria, Gasteiz edo Lapurdiko BAB, kasu) bidea erraztu dute. Kontzentrazio politika honek hustu egin du lurraldearen zati handi bat, eta askotariko eragozpenak dakartza horrek. Iruñerrian dago kontzentratuta Nafarroa Garaiko populazioaren %52a, beste zonalde batzuk biztanleria galtzen ari diren bitartean. Datu orokorrek diote Nafarroa Garaia hazten ari dela, baina xehatuz gero, argi ikusten da toki batzuetako gainbehera. Zenbait ekimen eta eragile borrokan ari dira horren kontra, baina epe laburrean ez da emaitzarik antzemango.

Tags: 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak