Berdintasun ezaren aurka, lan instituzio sendoagoak behar dira

Hainbat

Diru-sarrerei dagokienez munduan dagoen berdintasun ezaren inguruko txostena plazaratu berri du Nazioarteko Lan Erakundeak (ILO-OIT). Gini koefizientearen arabera egin dituzte neurketak, eta txostenaren arabera, berdintasun eza hazi egin da azken hamarkadotan; batez ere Ipar Amerikan, Europan, Australian, Zeelanda Berrian, Txinan eta Indian. Hego Amerikan berdintasun eza murriztu egin da, baina oraindik ere bertan dituzte munduko ratio larrienak.

OITk baieztatu duenez, berdintasun falta horren aurka egiteko ezinbestekoa da herrialde bakoitzeko lan eta gizarte instituzioak sendotzea; batez ere, negoziazio kolektiboa, gutxieneko soldata, lan kontratu motak eta lan araudiari dagokionez. Era berean, OITko adituen arabera, komenigarria litzateke honako mekanismoak sustatzea: pentsio sistema, langabeziagatiko prestazioak, pertsona txiroenentzako diru-sarrerak, bai eta laguntzarako gizarte zerbitzu publikoak ere.

Txostenaren egileen arabera, globalizazioak zailtasunak dakartzala onartuta ere, estatuek badituzte tresnak berdintasun ezaren aurka borroka egiteko; adibidez, erabateko enplegua lortzeko politikak sustatuz. Bestalde, pertsonen zaintzarako (haurrak, zaharrak zein gaixoak) zerbitzu publikoen beharra ere azpimarratu dute, emakumeei enplegurako sarbidea ahalbidetzeko. Txostenean azaltzen denez, zerbitzu horiek ez daudenetan, emakumeak hartzen du zaintzaren ardura familian, eta horrek eragotzi egiten dio lan merkatuan sartzea.

Berdintasuna lortzeko beste elementu nagusi bat birbanaketa ahalbidetzeko gizarte politikak aplikatzean datza. Gizarte laguntzarako programak, langabeziagatiko prestazioak... baliabideak birbanatzeko tresnak dira. Hala ere, auzi honetan, bereziki garrantzitsuak dira politika fiskala eta gizarte segurantzarako sistemak. Bi horien aplikazioa oso desberdina da herrialdearen arabera, baina badago herrialde guztiek behar-beharrezko duten gauza bat: agintarien borondate politikoa, berdintasun eza murrizteko neurriak martxan jar daitezen. 

Artikulua: Reparar la desigualdad – Janine Berg

Azken Albisteak

Nabarmenduak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak