Europako osasun sistema, kezka iturri

hainbat

Kalkuluen arabera, 2050ean Europar Batasuneko biztanleriaren %37ak izango ditu 65 urte baino gehiago, eta horrek ondorio nabarmenak ditu, osasun sistema eraginkor bati eusteari dagokionez. Gaur egun proportzioa %27koa da: 85 milioi pertsonari buruz ari gara, gutxi gorabehera. Bruselan egin berri den biltzar batean auzi hori izan dute aztergai. Jasangarritasunari buruzko liburu zuri batean bildu dituzte ondorioak, eta horietako batzuek azpimarratzen dutenez, funtsezkoa da gaixotasunei aurre egitea eta gaixoaren bizi kalitate egokia bermatzea. Euskal Herriari dagozkion datuak ere kezkagarriak dira oso.

Mary Harney Irlandako Osasun ministro ohia da Europako Osasun-laguntza Jasangarrirako Zuzendaritza Taldearen (European Steering Group on Sustainable Healthcare) presidentea, eta bere ustez, etorkizuneko helburua gaur egungo status quoari eustea bada, ezinezkoa izango da gaur egun Europan dugunaren moduko osasun sistema publikoarekin jarraitzea. Harneyren arabera, gertaerei aurre egin behar zaie etorkizunean datozkigun erronkei behar bezala eusteko.

Datuak eztabaidaezinak dira. Gaixotasun kronikoek 65 urtetik gorako pertsonen %80ari eragiten diote, heriotzen %86aren kausa dira, eta 700.000 milioi euroko gastua eragiten dute urtero Europan. Horregatik, traumatologia gaitzen aurrean esku-hartze goiztiarrak egitea, askotariko gaitzak eragiten dituen obesitatea prebenitzea eta beste zenbait ekintza izango dira osasun arduradunek datozen urteetan izan beharko dituzten lehentasunetako batzuk. Obesitatea eteteak, adibidez, 100.000 milioi euro aurreztea ekar lezake hemendik 2050era.

Osasunaren alorrean martxan dauden murrizketa politikak kaltegarriak izan daitezke, biltzarrean parte hartu duten gehienen ustez. Izan ere, austeritateak arazoak areagotu ditzake, Ole Petter Ottersen aditu norvegiarrak azaldu bezala. Herritar guztiei (adineko pertsonak barne) osasun baldintza onak bermatzea pizgarri nabarmena da ekonomia eta enpleguarentzat. Hala baieztatzen da argitaratu berria den beste txosten batean, zahartzea Europarentzat aukera interesgarria izan daitekeela esaten baita bertan.

Bideoa - Europako osasun sistema aztergai

Tags: 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak