Akitania-Euskadi lankidetza motel ari da aurrera egiten

hainbat

Akitania-Euskadi euroerregioak urteroko batzarra egin berri du Busturian. Honek erakusten du mugaz gaindiko lankidetza ari dela aurrera egiten, badagoela denboran jarraikortasuna duen jarduera bat, baina motel doala oraindik ere. Entitatearen arduradun nagusi diren Iñigo Urkulluk eta Alain Roussetek iragarri zuten 2015ean 40 ekintza bateratu abiarazi ditzaketela, lankidetzan sakontzea helburu. Zentzu horretan, Topoaren eta Irun-Hendaia TERaren arteko burdinbidezko loturaren hobekuntzari eta hezkuntzaren eta hizkuntzen alorreko askotariko ekimenei egin zieten aipamena. Lehentasun diren lau ardatzi lotuta egongo dira ekintzak: euroerregioko herritarrak, ezagutzaren ekonomia, lurralde jasangarria eta gobernantza irekia.

Mugaz gaindiko harreman hauen sakontasunari neurria hartze aldera, hedabide gehienek batzarrari zer oihartzun eman zioten aztertzea komeni da: bi agintariok AHTari adierazitako babesari eskaini zioten tartea nagusiki. Hain zuzen, proiektu hori zalantzan jarri dute mugaren alde bietako gizarte eragile askok, gainera haren eraikuntza asko atzeratzen ari da, eta nabarmena da Paris eta Madrilgo administrazioek ez dutela euskal lotura ahalbidetzeko interesik.

Europar Batasunaren barruan gertatzen ari den mugaz gaindiko lankidetza honek aldaketa ekarri du neurri batean, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanen balizko indartzeari beti mesfidati begiratu izan dioten arren Espainiako eta Frantziako estatuek. Une honetan bi zalantza berri zabaldu dira lankidetza horren etorkizunari dagokionez. Batetik, Frantziako Estatuaren administrazioaren mapan egin berri den erreformak makroerregio batean sartuko du Akitania, Poitou/Charentes eta Limousinekin batera. Pentsa liteke, beraz, protagonismoa eta ekimenerako ahalmena galduko dituela. Bestetik, foru hauteskundeen ondoren Nafarroa Garaia euroerregioan sar dadin nahi duela esan zuen Iñigo Urkulluk batzarrean, eta ikusteke dago ea hori egingarria den epe ertainean. Gaur egun Nafarroako Gobernuan dagoen UPNk argi eta garbi baztertu du aukera hori.    

 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak