Kuotak desagertuta, litekeena da Euskal Herriko esnegintza sektorearen mapa aldatzea

hainbat

Joan den martxoaren 31n, Europar Batasunak indargabetu egin zituen esnegintzaren sektoreko kuotak, 31 urteren ondoren. Kuota horien bitartez, EBko estatu bakoitzari esne kopuru zehatz baten ekoizpena esleitzen zitzaion urtean, eta ezin zuen hori gainditu. Hemendik aurrera esnearen merkatua liberalizatu egin da, eta ez dago mugarik kantitateari dagokionez. Lehen kolpean, euskal abeltzainen sektoreak kezka agertu du, bi arrazoi nagusi direla medio. Batetik, esnearen prezioek beheranzko joera izateko arriskua dagoelako, aurreikusita baitago zenbait estatuk ekoizpena handituko dutela; hala nola, Irlandak, Herbehereek eta Danimarkak. Bestetik, industria handiak joera izango du bilketa sarbide errazeneko zonaldeetan metatzeko, mendialdean dauden ustiategi txikiak eta ertainak baztertuz.

Oro har, euskal ustiategiek kondizio egokiak dituzte liberalizazio prozesuari bermez aurre egiteko, urteko ekoizpena handia baita, 8.000 litro baino gehiagokoa abelburu bakoitzeko. Hala ere, egonezin handia dago etorkizunera begira. Batetik, Hego Euskal Herriko ekoizpenaren %75 Kaikuk kudeatzen du (Suitzako Emmi enpresa da haren jabea), eta haren kontrola handia da, beraz. Era berean, merkatalgune handiek erosleak erakartzeko baliatzen dute esnea, eta litroa 60 zentimo baino gutxiagoren truke eskaintzen dute batzuetan, ekoizpen errentagarria bermatzen duen gutxieneko zifratik behera. Gainera, kuoten desagerpenak ustiategi handiei mesede egingo ote dien kezka ere badago, eta horien kontzentrazioa areagotuko ote den.  

Tags: 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak