Departamendu bozen emaitzak, estaturik gabeko nazioen aldekoak

hainbat

Frantziako Estatuaren periferietan, badira estaturik gabeko nazioetako talde abertzaleek sustatzen dituzten zenbait mugimendu, eta hain zuzen ere, Frantziako V. Errepublika da gisa honetako mugimenduak gehien estutzen dituen Europako estatuetako bat. Egin berri diren departamendu bozetako emaitzei dagokienez, begiraleak bat datoz: Bretainian, Korsikan, Ipar Euskal Herrian, bai eta Alsazian ere, halako taldeek aurrera pauso handia egin dute. Hala ere, Okzitanian eta Ipar Katalunian, emaitzak ez dira hain oparoak izan horietan lanean diharduten talde nazionalentzat.

Christian Troadecek zuzentzen duen Breizh War Raok (MBP) Bretainiako alderdi berriak lau eserleku lortu ditu, eta horixe izan da boz hauetako berrikuntza nagusietako bat. Korsikaren kasuan, Femu a Corsica/Insieme mugimendu autonomistak hiru eserleku lortu ditu uharteko iparraldeko departamenduan, baina hegoaldean zituen bi ordezkariak galdu ditu. Alsazian, Unser Land alderdia lehenbizikoz aurkeztu da, eta hirugarren izan da bozen kopuruari dagokionez, nahiz eta ez duen eserlekurik lortu. Ipar Katalunian, hautagai katalanistek ez dute ordezkaritzarik eskuratu, baina helburua betetzeko zorian izan dira Rosselloko kantonamendu batean, Unitat Catalana alderdia UMPrekin batera aurkeztuta. Bestalde, Okzitanian, hautagai autonomistak ez dira bigarren itzulira igaro.

Errepublikako bozen sistema bi itzulitan egiten da, eta horrek nabarmen kaltetzen ditu hirugarren indarrak, zeinak normalean ez baitira UMPk eta PSk (Fronte Nazionala horien zelatan dago) kontrolatzen duten ezker-eskuin dinamikan sartzen. Dena dela, zenbait hautagai abertzalek bigarren itzulira pasatzea lortu dute haien kantonamenduan, eta aurrerapauso handia da hori, eserlekurik ez lortuta ere.

Alderdi abertzaleen eta autonomisten emaitzak nahiko onak izan direla eta, Troadec bretainiarrak iragarri du hautagaitza erregionalista bat plazaratzeko asmoa duela 2017ko hauteskunde presidentzialetarako, Frantziako Estatuko indar abertzaleen baturan oinarritua. Horretarako, Alsazia, Korsika, Katalunia, Okzitania eta Euskal Herriko antzeko alderdiekin harremanetan jartzeko asmoa du. Frantziako Estatuaren benetako erregionalizazioa aldarrikatzea du helburu, lurralde bakoitzaren nortasuna errespetatuko duena. Lehia presidentzialean sartzeko, Troadecek Errepublikako 500 hautetsiren babesa behar du gutxienez, diputatuak eta alkateak kontuan hartuta. Apirilaren 16an lortu zuen bere lehen babesa, Paul Munbach Dannemarieko (Alsazia) alkatearena.

Informazio gehiago:

Nationalia

Frantziako Barne Ministerioa

Tags: 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak