Mugaz gaindiko elkarlanerako fruituak eman ditu Eraikinn programak

hainbat

Euskal Herriko lurraldeen arteko hartu-eman ekonomikoak indartzeko nahia aspaldikoa da. Askotan proiektuen eremura mugatua izan da, garapen zehatz baten faltagatik. Teoriatik praktikara igarotzea ez da ariketa erraza, eta bide honetan eragileen adostasunak oztopo ugari gaindi ditzake. Emaitza konkretuak lortzeko ezinbestekoa da adostasuna bilatzea.

Hiru urteren ostean, pasa den martxoaren 31n amaitu zen mugaz gaindiko Eraikinn programa, 2012ko urtarrilean jaioa. Programa eredugarria dugu, mugaz gaindiko elkarlana zehaztea lortu baitu Lea Artibai, Debagoiena eta Nafarroa Behereko esfortzuak batuta. Mugaz gaindiko Bihartean ganberak dinamizatu du programa eta Europako laguntza ere jaso du, POCTEFA programaren bitartez. Halaber, beste bost eragilek ere parte hartu dute: Lea Artibaiko garapen agentziak, Azaro Fundazioak, Saiolanek, Indar Développement-ek eta Baionako Merkataritza Ganberak. Programak milioi eta erdi euroko inbertsioa suposatu du eta milioi batetik gora Feder laguntzei esker finantzatu ahal izan da.

Eraikinn-ek berebiziko lana egin du aipatutako eskualdeetako enpresen berrikuntza teknologikoan. Horretarako, lau arlo nagusitan lan egin du: produktua, prozesua, enpresaren antolaketa eta marketina. Sei etapatan garatu da metodoa: lehenik eta behin, parte hartu duten lurraldeen konpetentziak aztertu dira; bigarrenik, berrikuntzaren joera sektorial nagusiak bereizi dira; hirugarrenik gizartearen sentsibilizazioan lan egin da, baita proiektuaren komunikazio eta difusioan ere. Laugarrenik lurralde bakoitzaren balio bereizgarria identifikatu da. Bosgarrenik start-up berritzaileak sortzeko lan metodologia esperimentatu da. Eta, azkenik, start-up sare bat sortu da, parte hartu duten lurraldeen artekoa.

Amaiera ekitaldian, Donazaharreko Lutxi enpresa habian, programaren lorpenak errepasatu ziren. Lorpen horien artean, azpimarratzekoa da modu batean ala bestean programan parte hartu duten enpresen kopuru handia: 213 enpresa Lea Artibaien, 364 Debagoienan eta beste 117 Nafarroa Beherean. Horietako zortzi enpresak beren proiektu berritzailea aurkeztu zuten; trenbideetako MFA, sortu berria den abeltzaintzako Herritech, Errecart eta Leartiker enpresen arteko binomioa edota energia berriztagarrien Sugarai, kasu.

Eraikinn programaren esperientziak Euskal Herria osatzen duten lurraldeen arteko lankidetza aukeretan pentsatzera animatzen gaitu. Oztopoak badirela jakinda ere (batik bat, historiko-kulturalak eta administrazioei loturikoak), bide irekiak badirela frogatu da. Fruitu berri eta bolumen handiagokoak emateko gai diren bideak, etorkizun labur batean, gainera.

Informazio gehiago:

Dossier: Seánce de clôture

Eraikinn, l’aide pour innover

Azken Albisteak

Nabarmenduak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak