27 arrazoi berri Pirinioetan lan egin eta bizitzeko

hainbat

Lurralde politika koherente baten beharrak, euskal lurralde osoaren jasangarritasuna bultzatu eta gainbeherako zonaldeak egotea saihestuko duena, bultzatu zuen pasa den urtean “Pirinioetan lan eta bizi” ekimenaren jaiotza, Euskal Herriko Garapen&Kohesio Fondoak kudeatuta.

Pirinioetan kokatutako proiektuei laguntza eta babesa ematea da proiektuaren ardatza. Gauza bera egin zitekeen zailtasunak dituzten beste zenbait zonaldetan ere, esaterako, Enkarterriko mendebaldeko mugan edota Kanpezuko eskualdean, bi adibide jartzearren.

Udalbiltza-k babesten duen ekimen honen arduradunek beken programaren bigarren edizioa burutu dute azken hilabeteotan eta 120.000 euro banatu dituzte hautatutako 27 proiekturen artean (59 proiektu aurkeztu ziren). Lehengo urtean 19 proiekturi eman zitzaien diru-laguntza, eta dagoeneko 230.000 euroko balioa dute guztira banatutako laguntzek.

Ebaluazio komisioak pasa den ostiralean, apirilak 24, eman zuen proiektu irabazleen berri, Elizondon egindako ekitaldian. Bertan izan ziren, besteak beste, Garbiñe Elizegi Baztan-go alkatea eta Mertxe Aizpurua Udalbiltza eta Kohesio Fondoaren lehendakaria. Proiektuen ebaluazio eta jarraipenean, berriz, Cederna-Garalur, Euskal Herriko Laborantza Ganbara, Atelier Lan Berri edo Gaindegia bezalako entitateek parte hartu dute, bai eta zenbait garapen agentziak ere.

Esperientziak erakutsi ohi digu lurralde baten gainean hartutako erabaki politiko nahiz administratiboek erabateko eragina dutela lurraldearen garapenean. Batzuetan modu kontzientean, beste batzuetan inkontzientean, zenbait zonaldetan jarduera ekonomiko eta sozialak garatzea dakarten erabakiak hartzen dira, beste zonalde batzuen kalterako. Pirinioak bizirik irauteko nahikoa baliabide dituen zonaldea da, baina arazoak ez dira gutxi: biztanleria galera, jarduera industrialik eza, zerbitzu urritasuna, langabezia, komunikazio arazoak… “Pirinioetan lan eta bizi” ekimenak erakutsi du badirela aurrera ateratzeko proiektuak garatu nahi dituzten pertsonak eta eragileak; ez dutela amore eman.

Hori esanda, aitortu beharra dago agian eurek bakarrik ezingo dutela aurrera egin, ezingo dituztela oztopo guztiak gainditu. Kanpo laguntza behar dute, merezi dute: herri ikuspegiz eraikitako laguntza, Euskal Herriko herrialde eta eskualdeen arteko desorekei erantzungo diena. Kasu honetan argi dago Ipar Euskal Herriko pisu demografikoak Lapurdiko kostaldera mugitzen jarraitzen duela, mendialdeko zonaldeen kalterako. Nafarroa Garaiaren kasuan, azken hamarkadetako bilakaera (60ko hamarkadako industrializazio atzeratutik hasita) Iruñerria eta bere inguruetan eman da, Nafarroako eremu urbano nagusia.

Aurtengo 59 proiektuetatik 27 Nafarroa Garaitik aurkeztu ziren, 16 Nafarroa Beheretik, 9 Zuberoatik eta 7 beste herrialdeetatik. Beraz, argi dago gainbeheraren mamuari aurre egiteko interesa egon badagoela. Euskal gizarteak eta bere ordezkariek entzun beharreko mezua dugu honakoa, egoera kontuan izan dezaten eta behar diren neurriak har ditzaten.

Informazio gehiago:

Euskal Pirinioetan lan eta bizi

Gaindegia: Euskal Herriko Pirinioak, problematika sozio-ekonomiari hurbilpen lana

Euskal Pirinioak: Demografia

Bi aldeetan aldi berean jarduteko

Albistea hedabideetan: Naiz, El Diario Vasco, Flickr, Erran.eus, Diario de Noticias

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak