Mendebaldeko herrialdeen hazkundea eta gorabidean daudenen geldialdia

hainbat

Munduko ekonomiarentzat trantsizio urtea izango da 2015a, zeinetan kontraste izugarriak biziko baitira: alde batetik, garatutako zenbait herrietan BPGaren hazkundea etorriko da, baina, bestetik, gorabidean dauden herrietan atzerapauso garrantzitsuak gerta daitezke. Euskal Herria Eurozonaldean kokatzen da, eta IMF eta OECD-ren aurreikuspenek diotenez BPGa %1,4 eta %1,5 artean haziko da 2015an, hurrenez hurren. Iturri berberek diote 2016 urterako %1,6 eta %2 artekoa izango dela hazkundea. Dena dela, hazkunde apala dugu hori, beraz, krisialdi luzeak utzitako egoerari ezingo zaio oraindik buelta eman.

Euskal ekonomiak, orokorrean, Eurozonaldeak baino aurreikuspen altuagoak ditu 2015erako. Aurreikuspen ofizialaren arabera EAEren BPGren hazkundea %2,3 izango da, eta are altuagoa da Nafarroa Garaiako zifra: %2,6. IMFk antzeko zifra aurreikusten du Espainiako Estatuarentzat (%2,5), baina zifra dezente baxuagoa da Frantziarentzat: %1,2. Herrialde hauen zenbait aldagai makroekonomiko berdintsuak badira ere (petrolio gordinaren prezioa edo euroaren kotizazioaren balioaren galera dolarraren aurrean), emaitzak desberdinak dira, bai ekonomia bakoitzaren barne baldintzengatik eta bai gobernuek aurrera eraman dituzten politikengatik ere.

Amerikako Estatu Batuen aurrerapausoa konfirmatuta (%3,1), zeina enplegua modu jasangarrian sortzen ari baita, aurreikuspenek agerian uzten dute ekonomia txinatarraren ahultzea, %7tik beherako hazkundea biziko baitu hurrengo bi urteetan. Herrialde honek munduan hartu duen pisua aintzat hartuta, datu kezkagarria da, baina ez bakarra. Latinoamerikan BPGak hazkunde oso apala izan du (%0,9), eta Brasilen kasuan, gorabidean zegoen herrialde nagusietakoa, desazkundea suposatuko luke, 2015ean bere ekonomiak puntu bat behera egingo baitu. Argentina eta Venezuelako ekonomiek ere behera egingo dute, petrolioaren prezioaren beherakadak eraginda. Mexikok soilik eutsiko dio, %3 haziko baita, nahiz eta aurreikuspenek behera egin duten 2014 amaieratik hona.

Latinoamerikako egoeraren ahultzea ez da albiste ona euskal enpresentzat. Izan ere, inbertsioak dituzte bertan eta euren produktuak ere herrialde horietara esportatzen dituzte. Gauza bera gertatzen da Europan, non ekonomia nagusiek ez duten nahikoa bultzatzen jarduera ekonomikoa; Alemaniarentzat IMFk egindako aurreikuspena (%1,6) da horren erakusle argiena. Salbuespena Erresuma Batua da, %2,7 haziko baita 2015ean.

BBVA Research-ek argitara eman duen azken ikerketan jasotako datuek (EAGLES informea) baieztatu egiten dituzte IMFk epe motzera egindako aurreikuspenak. Herrialde horiek 2014ean ere indarra galdu zutela dio BBVA-k, nahiz eta epe ertain-luzera mundu mailan duten pisua handituko duten. Ikerketa honen arabera, gainera, ekonomiaren grabitate-zentroa Atlantikotik Asia-Pazifikora mugitzen ari da gutxika, eta aurreikusten du 2014-2024 bitarteko urteetan BPGaren %75,6a hartuko duela.

Informazio gehiago:

FMI: Perspectivas de la economía mundial

OCDE: Previsiones económicas

BBVA Research: Informe EAGLES

Tags: 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak