Euskal finantza-ehunaren aniztasun urria

hainbat

Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordeak (EESC ingelesez) finantza-sistemaren dibertsitatearen alde egin du eta kreditu kooperatiben eta aurrezki kutxen ezinbesteko papera azpimarratu, berriki Europako instituzioen aurrean onartu duen kontsulta izaerako txosten batean. Batzorde hau EBko 28 herrialdetako 353 kideek osatzen dute eta adostu duten dokumentuan argi azaldu dute: finantza-ekosistema eraginkor eta egonkor bat lortzeko, ezinbestez shareholders-value bankuak (euren akziodunentzat irabaziak sortzeko helburua dutenak) stakeholder-value izaerako bankuekin (parte hartzaile guztientzat eta gizartearentzat onurak bilatzen dituztenak) osagarritu behar dira.  

Dokumentu honetan kreditu kooperatibek eta aurrezki kutxek Europako ekonomiaren garapenean izan duten paper historikoa azpimarratzen da, eta, batik bat, ondorengo arloetan izan duten garrantzia balioan jartzen: nekazaritzan, industria txikian, merkataritzan eta familia-ekonomiaren baitan. Batzorde honek begi onez ikusi du, era berean, Europako Batzordeak instituzio hauen berezitasunak errespetatu izana finantza-erregulazio berrian; esaterako, tokiko ehun produktiboarekin duten lotura, lurralde kohesioa, bezeroarekiko hurbiltasuna, tokiko interesak eta eragile sozialak eta solidaritatearen aldeko apustua.  

Gaur egun kreditu kooperatibek eta aurrezki kutxek EB-ko finantza-sektorearen %40a hartzen dute (%70 Frantzian eta %60 Alemanian), beraz, finantzen mapan ezinbesteko eragile dira. Euren tamaina dela-eta, ordea, Europako Inbertsio Bankura edota Europako Inbertsio Funtsera duten sarbidea ez da beharko lukeena bezain erraza, beraz, oztopo administratiboak arindu beharko lirateke.

Espainiako Estatuak azken urteetan bultzatu dituen finantza-politiken kontrako norantzan doa EESC-ren txosten hau. Batzordeak aholkatzen duenaren kontra, finantza-sistemaren bankarizazioa bultzatu da Estatuan, Euskal Herrian eragin nabaria izan duena. Une hauetan Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordeak balioan jartzen duen banka-biodibertsitatea arriskuan da gure herrian.

Azken hogei edo hogeita hamar urteetan banku kontzentrazio etengabea gertatu da eta entitate ertainen desagertzea bizitu dugu: Banco de Vitoria (orain Banesto-rena), Banco de Vasconia (Popular-ena), Bankoa (Crédit Agricole-ena) edo Banco Guipuzcoano (orain Sabadell-ena). Aldaketa esanguratsuenak, baina, azken urteotan gertatu dira: Nafarroako aurrezki kutxa (CAN) Caixabank-ek erosi zuen, Nafarroa aurrezki kutxarik gabe utzita, eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaikoek Kutxabank berrian bat egin zuten. Kreditu kooperatiben kasuan aipatu beharra dago Caja Laboral-Euskadiko Kutxaren eta Ipar Kutxaren bat egitea; Nafarroako Rural Kutxak, aldiz, bere horretan dirau.

Gaur egun erraza da, beraz, Euskal Herrian egoitza soziala duten finantza-entitateak identifikatzea (atzerriko entitateenak ez direnak, alegia): BBVA, Kutxabank, Laboral Kutxa, Nafarroako Rural Kutxa eta Banque Michel Inchauspé (BAMI). Horietatik bi banku tradizionalak dira, beste bi kreditu kooperatibak eta bosgarrena, Kutxabank, banku bat da orain, beraz, hura osatzen duten hiru aurrezki kutxen fundazioek kontrolatzen dituzte akzioak.

Informazio gehiago:

Txostena deskargatzeko:: Dictamen ECO/371 del Comité Económico y Social Europeo

Zenbait albiste:

Absorción de la CAN por La Caixa

Integración de Caja Laboral e Ipar Kutxa

Sabadell compra el Banco Guipuzcoano

Tags: 

Azken Albisteak

Nabarmenduak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak