Gizarte politikak, inklusiorako erreminta gisa

hainbat

EkaIN – Euskadiko Gizarteratzearen aldeko Sareak 15 proposamenez osatutako txostena kaleratu berri du. Proposamen hauek alderdi politiko, eragile eta gizarte osoak aintzat hartu ditzaten nahi du elkarteak, baina, batik bat, alderdiek euren gobernu programetan txerta ditzaten bilatzen du. Hala, maiatzaren 24eko hauteskundeen ondoren, osatu berri izango diren instituzioak gizarte inklusioa erraztu eta bazterketa saihesteko lan egitera deitu ditu EkaIN-ek. Idoia Aldamak EkaIN-eko kidearen ustetan, “bada garaia pertsonen zerbitzura egongo den ekonomia bultzatzeko”.

Proposamen horien atzean 300 elkarte baino gehiago daude, eta, horien guztien ustetan, tokiko politika pertsonen bizi kalitatea hobetzera bideratu behar da, baita justizia eta berdintasun soziala bultzatzera ere. Era berean, ingurumenaren jasangarritasunean oinarritutako giza garapenerantz urratsak eman dira. Horretarako, gizarte babeserako eta kohesiorako esparru guztien aurrekontuen indartzea da EkaIN-etik egiten den lehengo proposamena, alegia, enplegua, tokiko garapena, etxebizitza edota osasuna. Bigarren proposamenaren arabera pertsona orori, inolako salbuespenik gabe, gizarte zerbitzuetara nahiz diru-sarrerak bermatzeko dituzten sistemetara sarbidea eman behar zaio.

Txostenean jasotzen diren beste proposamenak, besteak beste, zerga-iruzurrari aurre egitea, politika fiskal mailakatua eta birbanatze politikak eta politika fiskal mailakatuak bultzatzea edo gizarte esparru guztietan emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatuko duten politikak garatzea dira. Azkenik, azpimarragarria da tokiko garapenari dagokiona, enplegu inklusiboa, gertuko eta tokiko merkataritza, elikadura subiranotasuna edota banku etikoa sustatzen dituena.

Etxerik gabekoen eta etxe kaleratzeak jasan dituztenen egoerei aurre egiteko politikak aldarrikatzeaz gain, dekalogo honetan neurri berritzaileak proposatzen dira. Horietako bat da instituzioetatik erosketa publiko arduratsu bat bultzatzea; alegia, ondasun nahiz zerbitzuak erosteko garaian entitateek gizarte irizpideei eta irizpide etikoei lehentasuna ematea.

Azken finean, EkaIn-en proposamena, oinarrizkotzat har genezakeena, biztanleriaren sektore gero eta handiago baten kezka adierazi besterik ez du egin. Gero eta gehiago dira gizarte inklusioaren alde egiteko tokiko politiken garrantziaz jabetzen diren pertsonak.

EkaIN plataforma 2011n jaio zen eta hirugarren sektorearekin lotutako sei gizarte ekintzarako sare barne hartzen ditu: Euskadiko GGKEen Koordinakundea, EAPN Euskadi (Pobrezia eta giza bazterketaren aurkako europar sarea), REAS Euskadi (Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea), Hirekin (Euskadiko gizarte ekimeneko eta esku hartzeko entitateen elkartea), Gizatea (Gizarteratzeko eta laneratzeko Euskadiko enpresen elkartea) eta Harresiak Apurtuz (Immigranteei Laguntzeko Euskadiko GKEn Koordinakundea). Sare horietan guztira 10.000 pertsonek parte hartzen dute, bai profesionalak bai boluntarioak.

Deskargarako dokumentuak:

15 proposamen tokiko politika inklusiboak bultzatzeko (2015)

57 proposamen alderdi politikoei (2012)

Helbideetan albistea: Berria, Diario.es, Naiz,

Eusko Jaurlaritzak hirugarren sektorea erregulatzen du

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak