Biztanleriaren zahartzea, AEBetan ere erronka

hainbat

Datozen urteotan herrialde askoren erronka izango da biztanlerian gertatzen ari den zahartze fenomenoa. Europako Komisioak baieztatu du, dagoeneko, EB-28ko kide guztiei eragingo dion fenomeno baten aurrean gaudela, baita EBko inguruko beste batzuei ere. Euskal Herrian, Gaindegiaren azken kalkuluen arabera, 65 urte baino gehiagokoen kopurua hirukoiztu egingo da 2030rako, 14 urtetik beherakoena laurden bat baino gehiago murriztuko den bitartean. Datu honek agerian uzten du datozen urteotako egoera: gero eta euskaldun gutxiago izango gara, eta zaharragoak. Lanerako adinean daudenen eta erretiroa hartu dutenen arteko ratioak ere behera egingo du: 2030erako 115.000 pertsona aktibo gutxiago egongo dira eta erretiro adinean dauden 210.000 gehiago. Aurreikuspen horien aurrean, argi dago erronka berriei aurre egiteko politikak zehazten hasi behar dugula.

BBVA Research-ek berriki argitara eman duen Tres motores de la transformación demográfica de EEUU txostenean AEBetan zahartze fenomenoak izango duen eragina aztertu du, batik bat, hazkunde ekonomikoari nola eragingo dion jakiteko.

Txostenean ageri denez, EEBBetako biztanleriaren hazkundea eten egin da (%0,90) eta 2060rako erdira jaitsiko dela dirudi (%0,46). Aurreikuspenek diotenez, 2035ean 80 urtetik gorako estatubatuar gehiago egongo dira 5 urtetik beherakoak baino. Jaiotze-tasa gero eta baxuagoa da (15,3 haur 1.000 biztanleko), besteak beste, emakumeek beren lehen haurra beranduago dutelako: 2013an batez bestezkoa 26 urteren bueltan zegoen, 70ko hamarkadan, aldiz, 21 urtetan.

Gizarte gero eta zaharrago batean, bestalde, heriotza-tasak ere gora egin du eta gaixotasunak gero eta gehiago dira. Adibide garbia loditasun tasaren hazkundean aurki daiteke: AEBetan biztanleria helduaren %35,35ak gizentasuna du, OCDE-ko herrialdeen batez bestekoaren bikoitzak. Kontuan izan behar da, halaber, pertsona gizenek minbizi eta arazo kardiobaskularretatik eratorritako heriotza gehiago dituztela. Egoera apur bat orekatzen duen faktorea immigrazioa da: behera egin duen arren, urtero milioi bat pertsonatan kokatzen da. Bizi itxaropenak, ordea, gora egiten jarraitzen du. 1965 urtean 71 urtetan zegoen eta 2013an 78,8 urtera arte igo da; hala, 2060rako 85,6 urtekoa izan daitekeela aurreikusten da.

Dibertsitatearen hazkundea da faktore positibo bakarra, immigrazioari oso lotua. BBVA Research-en ustetan dibertsitate hau -arraza, sexua, adina, talde etnikoa, hizkuntza, formakuntza eta landa/hiria dikotomia bezalako faktoreak barne hartzen dituena- gero eta konplexuagoa bilakatzen ari da: 1960 urtean AEBetan bizi baina kanpoan jaiotakoen %75 europarrak ziren; 2012an, aldiz, %11,8 besterik ez dira horiek.

Zein izango da aldaketa guzti horien eragina AEBetako hazkunde ekonomikoan? Txostenean izendatzen diren zenbait ekonomialariren ustetan, eten luzea gertatuko omen da, biztanleriaren hazkunde urriak eta bizi itxaropen altuak eraginda. Irtenbide bakarra, diotenez, biztanleria azkar haztea litzateke, nekez gertatuko dena, horrek etxebizitzen nahiz beste ondasun batzuen beharra ekarriko lukeelako, produkzioaren mesedetan.

Joera hori aldatuko ez balitz, ondorioak negatiboak lirateke. Alde batetik, erretiroari eta osasunari lotutako gastu publikoek gora egingo dute biztanleria zahartzen den heinean. Gobernuak beste partida batzuen gastua jaistea luke, edo zergak igotzea, baina biak neurri konplexuak dira. Azken ondorioa hazkunde ekonomikoaren moteltzea litzateke. Bigarren inpaktu bat biztanleria aktiboaren parte hartzearen ahultzea izango da, lan egindako orduak murriztean. Aurreikuspenek diotenez, 2060 urtean gizarte zerbitzuen onuradun bakoitzeko 1,7 langile aktibo besterik ez dira egongo.

BBVA Research-en txostenak ondorioztatzen du instituzioek produktibitatea epe luzera handitzean jarri beharko dituztela indarrak, eta horretarako politika fiskal egokiak, hezkuntza erreformak, azpiegituretan inbertsioak eta immigrazio politika zentzudunak egin beharko dituztela.

Informazio gehiago:

Txostena: Tres motores de la transformación demográfica de EEUU

Estados Unidos en datos

Zahartze demografikoa Euskal Herrian

Tags: 

Azken Albisteak

Nabarmenduak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak