Elikagaiak alferrik ez galtzeko borrokan

hainbat

Krisi ekonomiko luzeak eskatu ez duten protagonismoa eman die Euskal Herriko elikagaien bankuei. Egoerak gehien zigortu dituen herritarren elikagai gabeziak, eta batez ere haurrenenak, ikaragarri handitu du banku horietan laguntzen aritzen diren boluntarioen lan karga. Ideia AEBtan jaio zen 1965ean, Kanadatik Parisera egin zuen jauzi, eta hortik Europa osora. Orain paisaiaren parte dira, baina merkataritza gune handietan hainbeste elikagai xahutu ez zedin jaio ziren, eta soberakin horiek behartsuenei birbanatzeko.

Elikagaiez hornitzeko bi bide nagusi dituzte elikagaien bankuek. Batetik, bilketa egiten dute egunero hitzartutako establezimenduetan; bilketa bereziak merkataritza gune handietan eta supermerkatuetan, data adierazgarrienetan; eta dohaintzak jasotzen dituzte enpresa eta norbanakoengandik. Bestetik, elikagaien soberakinetatik, Europar Batasunak bidalitako sortak jasotzen dituzte maiztasun zehatz batekin. Era berean, elkartrukeak egiten dituzte bankuen artean, biltegian dituzten produktuen kantitateak orekatzeko.

Funtzio bikoitza betetzen dute, deuseztatuak izatera kondenatuta dauden elikagaiei erabilpena ematen dietelako, eta behartsuen elikaduraz arduratzen diren gizarte erakundeen laguntza lanak errazten dituztelako.

2014ko azaroaren bukaeran egin zen azken bilketa handian, 800 tona bildu zituzten Bizkaian, 575 Gipuzkoan eta 200 baino gehiago Araban. Nafarroa Garaian hil honen bukaeran egingo dute bilketa handi bat, eta 370 tona jasoko dituztela espero da. Bestalde, Baionako elikagaien bankuak 750 tona elikagai bildu zituen 2014an. Kasu horietan guztietan, 2013tik 2014rako bilakaera ikusgarria izan da, %65era arteko hazkundeak izan baitira bildutako elikagai kopuruari dagokionez.

Zifra ofizialik ez dago, baina Euskal Herriko elikagaien bankuek 125.000 herritarren beharrizanak asebetetzen dituzte gaur egun, erakundeek berek emandako gutxi gorabeherako zifren arabera. Azpimarratzekoa da Bizkaian 40.000 lagunez arduratzen direla, eta Nafarroa Garaian 38.000 lagunez. Gipuzkoan 24.500 pertsona inguru dira, eta Araban 18.000. Ipar Euskal Herrian, 6.000 lagun dira gutxi gorabehera.

Zenbait eragilek (alderdi politiko batzuk, tartean) elikagaien banku publikoak sortzeko beharra aipatu dute. Izan ere, haien ustez, herritarren elikadura bermatzeko ardura ezin da soilik GKEen eskuetan utzi. Hala ere, gaur arte, intentzioak baino ez dira izan, ez baita proiektu espezifikorik zehaztu.

Informazio gehiago:

Baionako Elikagaien Bankua

Nafarroa Garaiko Elikagaien Bankua

Bizkaiko Elikagaien Bankua

Gipuzkoako Elikagaien Bankua

Arabako Elikagaien Bankua

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak