Gazpromen itzal luzea, Europako barne-lotura energetikoak garatzeko pizgarri

hainbat

Europar Batasunek energia defizit ikaragarria du, beste herrialdeekiko menpekotasun handia petrolioaren eta gasaren hornidurari dagokionez. Errusiak eta Ukraniak etengabeko gatazka dute lehenengoaren gasa bigarrenaren lurraldetik igarotzen delako, eta horrek menpekotasun sentsazioa handitu baino ez du egin. Hain zuzen, EBn kontsumitzen den gasaren heren bat Errusiatik dator, eta gas horren %55ak Ukrainako gasbideak zeharkatzen ditu. Errusiak berak alternatibak planteatu ditu Gazprom multinazionalaren bitartez; hala nola, Turkish Stream korridorea, zeinak Turkia zeharkatuko bailuke Grezia eta Europa lotzeko. EBk, bere aldetik, korridore Trans-Adriatikoa abiaraztearen alde egin du apustu: Kaspiar itsasotik abiatuta, Azerbaijango gasaz hornituko litzateke Europa, Errusiarekiko menpekotasuna gutxituz.

Gazpromek duen nagusitasunaren aurrean alternatibak sustatu behar dituela ikusi du EBk, eta ondorioz, beste bide batzuk urratzen hasia da Europar Batzordea. Hala nola, Norvegia eta Erresuma Batuaren arteko Langeled korridorea, 2007an zabaldua; bai eta Aljeriatik Espainiako Estatura sartzen den fluxua areagotzeko aukera ere. Katalunia eta Frantziaren artean Midcat gasbidea eraikitzeko proiektua testuinguru horren barruan dago sartuta.

Badago beste aukera bideragarri bat, eta Euskal Herriak parte-hartzea izango luke horretan: gas natural likidotuaren (GNL) hornidura. Horretarako, Bahia de Bizkaia Gasek hiru biltegiratze tanke ditu Zierbenan: 450.000 metro kubiko biltzeko ahalmena dute guztira, eta metano ontziek garraiatutako gasa hartzen dute. Instalazio horiek Euskadour gasbidearekin konektatuta daude, Irun eta Biriatu lotuz, eta azken hori Okzitaniako Lussagneten dagoen lur azpiko biltegiarekin. Aurreikusita dagoenez, Euskadourrek bere ahalmena handituko du urtea bukatzerako, eta 2,1 milioi metro kubiko hartzeko gai izango da. Horrek handitu egingo luke Europarako gasaren trafikoa.

Baina Errusiako hegemoniari alternatibak bilatzeaz gain, bada Brusela kezkarazten duen beste arazo bat ere: estatu kideen arteko barne lotura energetikoak urriak dira; bereziki Erresuma Batuan, Irlandan, Italian eta Iberiar Penintsulan. 2020rako zehaztu duten helburuaren arabera, estatu bakoitzak barne loturak izan beharko ditu, gutxienez, bere ekoizpen elektrikoaren %10ean, eta helburua %15ekoa litzateke 2030erako. Espainiar estatuak, gaur egun, %3ko barne loturak baino ez ditu.

Helburu hori gauzatzeko, Connecting Europe plana jarri zuen martxan Europar Batzordeak, eta 5.835 milioi euro eskainiko dizkio 2014tik 2020ra. IPC proiektu izenekoetan oinarritzen da programa hau; 647 milioi euro eskaini dizkiote 2014an eta beste 650 milioi euro 2015ean. Lehen fasean onartu diren 248 proiektuen artean bik eragiten diote Euskal Herriari: Arkale-Argiako 220 kv-ko lerroaren errendimendua hobetzeko proiektuak eta Bizkaiko Badia konexioak. Azken honen bitartez, euskal kostaldea eta Akitaniakoa lotu nahi dituzte 2020rako, 360 kilometro luze den eta 2.000 Mw-ko ahalmena duen ur azpiko kable batekin. Programak, bere osotasunean, helburu handinahiak ditu, baina egiari zor, hiru proiektu baino ez zeuden bukatuta 2014a bukatzerako: bi GNL instalazio Lituanian eta Polonian, eta Bulgaria eta Grezia arteko barne lotura bat.

Miguel Arias Cañete Klima eta Energiaren Ekintzarako Europako komisarioak berriki adierazi duenez, horniduraren segurtasuna handitzea da gasaren Europako estrategiaren gakoetako bat, bai eta gas natural likidotuaren erabilera alternatiboa sustatzea ere. Azkenik, lehentasuntzat jotzen du diplomazia energetikoa deiturikoa. Hau da, Errusiaren alternatiba izan daitezkeen balizko herrialde hornitzaileekin harremanak hobetzea; hala nola, Aljeria, Turkia, Azerbaijan, Turkmenistan eta beste zenbait estatu arabiar eta afrikarrekin. Proposamen laudagarria da, baina ez du ezkutatzen Europar Batasunak defizit energetiko larriaren ondorioz bizi duen egiturazko egoera zaila.

Informazio gehiago:

Projects of common interest (PCI)

PCI - Electricity and Smart Grids

PCI - Natural gas

La difícil alternativa al gas ruso

Tags: 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak