Ekonomia zirkularra: aldaketa sakona edo moda soila?

hainbat

Ekainaren 3an Global Innovation Day egingo dute Bilbon. Jardunaldi honetan, gaurkotasun handiko gaiak jorratuko dituzte askotariko formatutan; esaterako, biozientzia, elkarlaneko kontsumoa eta ekonomia zirkularra. Litekeena da irakurleak azken termino hori inoiz entzun izana, baina bere funtsa ez ezagutzea. Ekonomian ideia eta kontzeptu berriak (ekonomia urdina, guztion onerako ekonomia, desazkunde zoriontsua) etengabe agertzen zaizkigun honetan, nola jakin moda berria eta iragankorra baino ez den, edo benetako eta sakoneko aldaketa kulturala datorren gure gizarte eta ekonomiara?

Goizegi da hori jakiteko, baina enpresa garrantzitsuak ari dira ekonomia zirkularrari lotutako kontzeptuak aplikatzen haien fabrikazio prozesuetan, eta horrek pentsarazten du auzi honek garrantzi handia izan dezakeela etorkizun hurbilean. Funtsean, ekonomia zirkularrak alde batera utzi nahi du ekonomia tradizionaleko “ekoitzi, erabili, bota” eredua, eta horren ordez eskema konplexuago bat baliatu. Hau da, baliabideen eta energiaren (ondasun urriak dira biak) erabilera egokia lehenetsi; berrerabilpena eta konponketak sustatuz, bai eta produktuen birdiseinua ere, etorkizunean birbaliatzea buruan.

Urteroko %3ko hazkundeari eusteak neurri berean materia eta energia gehiago erabiltzea dakar, eta kolapsoa eragingo luke epe ertainean ezinbestean, 2050ean 9.000 milioi biztanle inguru izango lituzkeen planetan. Horregatik, ekonomia zirkularraren aldekoek uste dute beharrezkoa dela materia eta energiaren zero gasturanzko joera hartzea. Esaterako, etxetresna elektrikoen zaharkitzapen programatua eta halako fenomenoak baztertu behar direla diote, eta gailuak konpondu eta ekoizleak legez derrigortu ordezko piezak izatera, Frantzian gertatu den bezala.

Horrenbestez, ekonomia zirkularrak bere egiten ditu ekologismo historikoaren planteamenduak, baina zentzu ekonomiko berritzailea ematen die: enpresak eta lanpostuak sortzeaz dihardu, paradigma honek dakartzan aukera berrien inguruan. Birziklatze hutsaz harago doa eta ezinbestekotzat jotzen du produktuak birpentsatzea, birdiseinatzea eta birfabrikatzea, gerora berrerabili, birziklatu, konpondu eta birbanatuak izan daitezen, eta hala bere ekoizpenerako baliatutako energia berreskuratu.

Gainera, berrerabilpen, birziklatze eta konpontze prozesuek tokiko enpleguen sorrera dakar, bertan egin behar baitira prozesu horiek, garraio gastuak ahalik eta gehien murriztuz. Ekonomia zirkularraren bueltan dagoen beste kontzeptu bat zera da, balioa duen ezer ezin dela bota. Hortaz, beharrezkoa da ulertzea bota egiten ditugun gauza gehienek (%90ak) balioa dutela eta baliatu daitezkeela.

Ekonomia zirkularraren teorikoen arabera, kontsumo linealaren paradigma (produktuak zenbat eta iraungitze data laburragoa izan, orduan eta aberastasun handiagoa sortu) aldatu behar da, eta horren ordez beste ekonomia mota bat sustatu, non bukaerako produktua lehengai bihurtzen baita berriz, eta ziklo ekonomiko etengabe eta jasangarrian bueltaka jarraitzen baitu. Bizitza ziklo honetan, materiaren (produktuak, hondakinak, ura) eta energiaren kontsumoa gutxieneko neurrietara murriztuko litzateke, zikloa ixtea lortzen baita.

Ekonomia zirkularrari lotzen zaion garapen jasangarria da Europar Batzordeak sustatzen duen Europa 2020 Estrategiaren zazpi ekimen adierazgarrietako bat. Eta dagoeneko baditu ekimen propioak gure herrian. Instituzioek garatutakoak dira batzuk, Ihobe eta Nafarroako Enpresarien Konfederazioarenak, kasu. Eta birziklapenaren (Indumetal Recycling) edo berrerabilpenaren (Koopera) sektoreko enpresek bultzatutakoak, beste batzuk.

Informazio gehiago:

La economía circular – Nafarroako Enpresarien Konfederazioa

Ekonomia zirkularra Euskadin – Ihobe

47 millones de euros al año a la basura

The Ellen MacArthur Foundation

Tags: 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak