Genero berdintasuna gehien bultzatzen duen ereduetako bat da kooperatibena

hainbat

Gero eta emakume gehiago dira kooperatiben parte. Beste eredu batzuen aldean, genero berdintasuna bultzatzen duen ereduetako bat da kooperatibena, Lanaren Nazioarteko Erakundeak (IFO) eta Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak argitaratu berri duten ikerketa baten arabera. Mundu mailan egindako inkesta batean oinarritzen da ikerketa eta, besteak beste, 20 urteetan emakumeen parte hartzea kooperatibetan %20 igo dela dio. Era berean, galdetutako pertsonen %80ak baieztatu du lanpostuan genero berdintasuna bermatzeko orduan kooperatibak beste eredu enpresarialak baino aurrerago daudela.

Gurera etorrita, badirudi datuek ere errealitate hori baieztatzen dutela. Gipuzkoako Lurralde Behatokiaren atlasean gizon eta emakumeen arteko lan errenten arteko desoreka kontsulta dezakegu (2011 datuak): kooperatiben presentzia oso altua duen Debagoiena da desoreka baxuena duen eskualdea (%38,91). Kontra, Goierri da zifra altuenak dituena (%46,63). Errenta desberdintasunak nabarmenak diren arrean, datuek kooperatibismoaren eragin positiboa islatzen dute.

Langileen banaketa sexuka aztertzen badugu, azken urteotan nabarmen egin du gora emakumeen presentziak kooperatibetan. 2010 urtean EAEko kooperatibisten %46,3 emakumeak ziren, Mondragon Unibertsitateak Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarentzat egindako ikerketa honetan jasotzen denez. Hamar urte aurrerago, 2000 urtean, zifra hori %39,4 zen. Nafarroa Garaian emakumeen presentzia baxuagoa da (%35), Espainiako Enplegu Ministerioaren datuen arabera.

IFO eta ICA erakundeek egindako lanera itzuliz, badirudi azken urteotan emakumeen presentzia kooperatibetan nabarmen igo dela. Europa eta Ipar Amerikan, batez ere finantza eta giza jardueretara bideratutako kooperatibetan igo da; garatze bidean dauden herrialdeetan, aldiz, nekazal kooperatibetan, kontsumokoetan eta ehungintzari lotutako kooperatibetan igo da.

Historian zehar, kooperatibek paper garrantzitsua izan dute bai genero berdintasunean bai eta emakumeen ekonomia- eta gizarte- ahalduntzean ere. Bide horretan, alabaina, ezinbestekoa litzateke gizartearen konpromiso eta babes indartsuagoa eta, noski, botere publikoena.

Ikerketak alde ilunak ere mahai gaineratzen ditu: oraindik ere ez dira gutxi enpresen jabegoa eskuratzeko eta autonomia ekonomikoari eusteko emakumeek dituzten oztopoak. Aipatzen denez, lurraren jabegoa eta herentziei loturiko legedia bide hori zaildu dezaketen faktoreetako batzuk dira.

Txostenak azpimarratzen du, bestalde, galdetutako kooperatiben %50ek ez dutela emakumeen ahalduntzerako eta genero berdintasunerako inolako formakuntzarik eskaintzen, nahiz eta enpresa-eredu honetan formakuntza bereziki garrantzitsua den eredu beraren garapenerako.

1995. urtean txertatu zuen Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak sexu diskriminazioaren aurkako araua Kooperatiba Printzipoen lehen atalean, politika, erlijio edota arrazakoekin batera. Manchesterren ospatutako kongresu baten baitan izan zen; egun horretan genero berdintasunari buruzko ebazpen bat ere onetsi zen eta estatutuen bigarren artikuluan txertatu zen. Honek “emakume eta gizonen arteko berdintasuna” sustatzearen alde egiten zuen, bai erabakiak hartzeko orduan bai kooperatiba mugimenduaren edozein jardueretan ere. Gaur egun, ACI-k Genero Berdintasunerako komite bat du.

Informazio gehiago:

Cooperativas, igualdad de género y empoderamiento de las mujeres

Análisis anual de las cooperativas vascas-2012

Mujeres y cooperativismo en la CAPV – Mª Antonia Ribas Bonet

Tags: 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak