Europako erreferentzien ondoan, indarra galtzen ari da euskal I+G+B

hainbat

Ikerketa, garapena eta berrikuntza arloek asko dute hobetzeko Euskal Herrian. Estatu mailako rankinean lehen postuan gauden arren, Europako erreferentzien mailara iristeko bide luzea dugu egiteko. EAE mailako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren (CES) txosten batek autonomia erkidegoan I+G+B-ak pairatzen duen “geldialdia”-z ohartarazi du.

Datu ofizialekin baieztatzen du hori: arloko inbertsio-esfortzua BPGaren %1,99 dago orain, 2012ko %2,06tik behera (EUSTATen datuen arabera). INEK, aldiz, gastu horren beherakada %7,2koa dela dio eta BPGarekiko %2,09 dela dio. CES-en arabera, azken hamar urteetan lehen aldiz egin du behera aldagai honek. Nafarroako Foru Erkidegoaren kasuan baxuagoa da portzentajea (%1,79) baina Estatu espainolaren datua (%1,24) baino dezente altuagoa. Europako erreferenteen alboan, ordea, datuak ez dira onak: Finlandia (%3,32), Suedia (%3,21) edo Danimarka (%3,05%) aurretik doaz, baita Eurozonaldea ere (%2,12).

“Europako Berrikuntzaren adierazle panela” (IUS 2014) ere baliatzen du CES-ek berrikuntzaren argazki hori egiteko. Honen arabera, EAE panelaren behealdean kokatzen da 0,52 indize batekin (Eustat-en datuak); alegia, goi mailako berrikuntza duten herrialdeen zerrendan azken postuetan, (0,64- eta 0,50 artean). Baina urrun dago arloan lidergoa duten herrialdeetatik: Suedia (0,74) eta Alemania (0,71). EAEko indizea, gainera, EB-27aren batez bestekotik (0,56) behera dago. Edozein kasutan, Estatu espainolaren indizea (0,41) gainditzen du, berrikuntza maila moderatua duten herrialdeen artean kokatzen dena (0,45-0,30).

I+G+Bak galdu duen bultzadaren inguruko kezka agertzen du txostenak, baina, batik bat, Europako erreferente diren herrialdeak gero eta urrutiago ditugula azpimarratzen da. Helburua, dio CESek, lidergoa duten herrialdeen parera iristea da, duela urte batzuk lortu zena. Gainera, ohartarazi du inbertsioa murrizteak sektoreko enpleguari kalte egingo diola, kategoria galera eta ikerketa zentro batzuen itxiera ere ekar dezakeena.

Beste alde batetik, 2014ko Erregioen Berrikuntza Panelak berrikuntza maila altuko taldean sartzen ditu EAE, Nafarroa Garaia eta Estatu frantseseko hego mendebaldea, arloan lidergoa dutenen atzetik (hala ere, azken datua 2010ekoa da).

CES-en analisiak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareari (ZTBES) buruzko irizpideak ere ezartzen ditu. Bere ustetan, sare honen egitura “oso konplexua” da eta komenigarria litzateke hori berrantolatzea, Eusko Jaurlaritzaren dekretuak dion bezala. CES-ek, halaber, sare horren parte beharko luketen bi eragileen alde egiten du: SEIC deiturikoak (ezagutza intentsiboko zerbitzuak enpresei) eta Lanbide Heziketa zentroak. Testuak aditzera ematen du bi eragile hauen parte hartzeak sinergiak indartuko lituzkeela ikerketa arloan, batik bat ZTBESeko gainontzeko enpresengana iristeko zailtasunak dituzten enpresa txikien kasuan. Hala ere, eragileen sarbidea tratamendu zehatza beharko lukeela ere zehazten da, Lanbide Heziketako zentroen ezaugarriei erantzunez.

Informazio gehiago:

Dictamen del CES sobre decreto de reordenación de la RVCTI

Innovation Union Scoreborad 2014

Regional Innovation Scoreboard 2014

Estadística sobre actividades en I+D - INE

Tags: 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak