Erresilientzia urbanoa muturreko egoerei aurre egiteko

varios

Muturreko egoerei aurre egin eta horiek gainditzeko gizakion dugun ahalmenari deitzen zaio erresilientzia. Diziplina anitzetan erabiltzen den kontzeptua da, baina, batik bat, krisialdi bat gainditzeko testuinguruan baliatzen da, besteak beste, natura hondamendiek eragindakoa, klima aldaketak ekarritakoa, energia edo uraren urritasunetik etorritakoa edota gizartearen hondatzearekin lotutakoa.

Krisi horri aurre egiteko modua, ordea, banakako ahalmenetatik haratago doa, gaitasun kolektiboetara iritsi arte. Batik bat, hirien kasuan. Hori dela eta, hiri erresilienteei buruz hitz egiteko joera dago, hain zuzen ere, krisi itxuran datozen muturreko egoerei aurre egiteko ahalmena duten hiriak deskribatzeko.

Europar Batasunak proiektu bat abian jarri du Europako hiri erresilientearen eredu definitzeko: horretarako, hiriek barne nahiz kanpo faktoreek eragin ditzaketen krisialdiei aurre egiteko moduak ikertuko ditu. Zazpi hiri aukeratu ditu, horien artean Donostia, eta aurreikuspena 2018rako eredu hori garatua egotea da.

Aukeratutako hiriak (Erroma edo Glasgow ere tartean daude) froga desberdinen laborategi izango dira. Kanpo adituek zenbait egoerei erantzuteko hiriek duten ahalmena neurtuko dute, hala nola, gizarte hondatzea, aldaketa klimatikoa, azpiegiturekin zer ikusia duten arazo larriak (garraioa, osasuna, ura edo energia, kasu). Donostiaren kasuan, TECNUN-Nafarroako Unibertsitateak eta Udal Estrategia Bulegoak koordinatuko dute proiektua.

Erresilientzia kontzeptua, berez, ingeniaritza eta fisikatik datorren kontzeptua da eta inpaktu baten ondoren elementu batek bere oreka berreskuratzeko duen ahalmenari egiten dio erreferentzia. Gerora, inpaktua xurgatzeko gaitasuna gehitu zion ekologiak, baita hortik eratorritako ondorioak ere. Beraz, inpaktu edo hondamendi baten aurrean hiru modutan erantzun beharra dago: lehenik eta behin erresistentziaz, ondoren inpaktura egokitzen, eta, azkenik, pairatutakoa gainditzen. Hiru erantzunak osagarriak izan behar dute.

Hirien kasuan, badira krisialdi bati aurre egiteko gaitasunak handitzen dituzten faktoreak: egitura ekonomiko anitza izatea, berritzaile izateko gaitasun handia, giza kapitalaren formakuntza maila altua edota erantzun azkarra ematen duten instituzioak. Nazio Batuen 2014ko Giza Garapenaren txostenak ere aipatu du gaia, giza garapenerako, urrakortasuna murrizteko eta erresilientzia sustatzeko estrategiak direla ulertu baitu.

Informazio gehiago:

Informe sobre Desarrollo Humano 2014 – PNUD

Regional Economic Resilience, Hysteresis and Recessionary Shocks – Ron Martin

 

Tags: 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak