Crowdfunding-aren erregulazioak eredua indartu dezake

hainbat

Teknologia berrien erabilera masiboak hainbat berrikuntza utzi dizkigu azken urteotan. Horietako bat da, esaterako, finantzazio parte hartzailea, crowdfunding bezala ezagutzen duguna. Interneteko plataforma hauek promotore bati bere proiektua finantzatzeko aukera eskaintzen diete, proiektuari lagundu nahi dion jendearen bitartez. Sistema honek pelikula, disko, antzezlan eta beste jarduera kultural ugari finantzatu ditu azken urteetan eta alderdi politikoak finantzatzeko ere erabili da.

Orain arte sarean inbertitzaileak bilatzeko sistema honek ez zuen legedi zehatzik, pasa den apirilaren 28ra arte: Enpresa Finantzazioa Sustatzeko Legeak 5.kapitulu osoa eman dio crowlending kontzeptuari (inbertitzaileek jarritako diru horri etekina atera nahi dietenean). Hortaz, lege honetatik kanpo gelditzen dira emari edo errekonpentsak oinarri duen crowdfunding-a.

Hemendik aurrera, beraz, Finantziazio Parte Hartzaileko Plataformak (PFP, gaztelaniaz) Balore Merkatuaren Espainiako Batzordearen kontrolpean egongo dira, baina ez die proiektuei eragingo. Inbertsioa arriskutsua jotzen da, baina arrisku hori inbertitzaileak bere gain hartzen duela ulertzen da; hala, plataformak ez du proiektuak gainbegiratzeko edo bideragarriak direla ziurtatzeko inolako erantzukizunik. Era berean, ez da plataformen lana izango promotoreen fidagarritasuna neurtzea (berankorren zerrendan dauden begiratzea, adibidez). Halako plataforma bat eratzeko beharrezkoa izango da 60.000 euro edo erantzukizun zibileko seguru bat izatea (300.000 eurorainokoa), erreklamazio posibleei aurre egiteko gaitasunaren bermetzat.

Promotoreak EBeko enpresak beharko dute izan eta debekatua egongo da aldi berean proiektu batentzat baino gehiagorentzat dirua eskatzea. Era berean, dirua biltzeko orduan muga bat ezarri da da: 2 milioi euro, eta akreditatutako inbertitzaileen kasuan 5 milioi euro. Akreditatutako inbertitzaileak aldez aurretik zenbait irizpide bete behar dituzte eta euren inbertsioak ez du mugarik; akreditatatu gabekoek, aldez, 3.000 euro inbertitu dezakete proiektu bakoitzean eta urtero 10.000 euro gehienez plataforma guztiak batuta. Bestalde, proiektu batek behar duenaren %90 lortuko balu diru bilketa ixteko aukera izango du; era berean, eskatzen duenaren %125 bildu ahalko du.

BBVA Research-en datuen arabera, banku-kreditu berri baten 100 euro bakoitzeko soilik bi zentimo mugitzen ditu crowdfunding-ak, beraz, momentuz bere garrantzi ekonomikoa erlatiboa da. Euskal Herrian finantzazio parte hartzailea oinarri izan duten ekimen ugari izan dira, bai arlo kulturalean baita arlo enpresarialean ere. Goteo Euskadi edo Lanzanos dira horietako bi. Baina baliabideak lortzeko sistema hau froga fasean dagoela esan daiteke, oraindik ez baitu lortu banku eredu tradizionalaren benetako alternatiba izatea. Gerta daiteke, baina, erregulazio berriak bere garapenean eragina izatea eta bankuetan finantzazioa topatzen ez duten gero eta proiektu gehiagok sistema honetan irtenbidea aurkitzea.

Informazio gehiago:

Regulando el crowfunding financiero – BBVA Research

Llega la regulación para el crowdlending

El crowdfunding en Euskadi

El crowdlending está ganando mercado a los bancos

Tags: 

Azken Albisteak

Nabarmenduak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak